Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 44:17-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Jadanik erabakia daukaguna egingo dugu: Istar zeruko erreginari erreko diogu intsentsua eta eskainiko isur-opariak; lehenago ere hala egin izan dugu geuk, geure guraso, errege eta buruzagiek Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan. Orduan, asetzeraino genuen ogia eta zoriontsu bizi ginen, inolako zorigaitzik ikusi gabe.

18. Baina zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak egiteari utzi diogunetik, kale gorrian gaude, goseak eta gerraz hiltzen.

19. Emakumeek are gehiago zioten:—Zeruko erreginari intsentsua erreko diogu eta isur-opariak eskainiko, bai horixe! Gure senarrak ere bat datoz gurekin Istarren irudiarekin opilak egiteko eta isur-opariak eskaintzeko.

20. Orduan, erantzun hori eman zuten gizon-emakume eta jende guztiari esan zien Jeremiasek:

21. —Ez ote zen, bada, Jauna ohartzen, zuek eta zuen guraso, errege eta buruzagiek, herritarrok oro, Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan intsentsua erretzen zenutela? Horixe zuen gogoan, hain zuzen,

22. eta, zuen egintza gaizto eta higuingarriak jasanezinak zitzaizkiolako, zuen lurraldea hondamendi eta eremu bihurtu zuen Jaunak, gaitzetsi eta bizilagunik gabe utzi. Eta halaxe dago gaur ere.

23. Beste jainkoei intsentsua erre eta Jaunaren aurka bekatu egiteagatik zaudete horrela: Jaunaren esana egin ez zenutelako, haren lege, agindu eta eskakizunen arabera bizi izan ez zaretelako. Horregatik gertatu zaizue gaur arte dirauen zorigaitz hau.

24-25. Jeremiasek honela jarraitu zuen herriari, bereziki emakumeei, hitz egiten: «Entzun Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, Egipton bizi zareten judatar guztioi damaizuen mezua: Zuek, emakumeok, ahoz esan eta eskuz egin! Bete egin behar omen dituzue, zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak eskaintzeko hitzemandako botoak. Bete, bai, zeuen botoak, egin hitzemandakoa!

26. Baina entzun ongi, Egipton bizi zareten judatarrok, nik, Jaun honek, nire izen handiagatik zin eginez, esaten dizuedan hau: Zuetako inork ez du aipatuko nire izena Egipto osoan, “Ala Jainko Jaun bizia!” esanez.

27. Erne nago, bai, baina ez zuen onerako, kalterako baizik: Egipton zaudeten judatar guztiak gerraz eta goseak galduko zarete, denok galdu ere.

28. Gerratik ihes egindako banaka batzuk bakarrik itzuliko dira Egiptotik Judara. Orduan jakingo duzue Judatik ihes egin eta Egiptora etorri zaretenok, noren hitza betetzen den, nirea ala zuena.

29. Hemen bertan zigortuko zaituztet. Eta froga bat emango dizuet zuen aurkako nire mehatxuak egiaz beteko direla jakin dezazuen:

30. Hofra faraoia, Egiptoko erregea, bera hil nahian dabiltzan etsaien esku jarriko dut, Judako errege Sedekias, bera hil nahian zebilen Babiloniako errege Nabukodonosorren esku jarri nuen bezala».

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 44