Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 44:11-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. «Horregatik, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Zuen gain ezarri ditut begiak, zuen kalterako, Juda osoa suntsitzeko.

12. Judan bizirik geldituak, Egiptora babes bila etorri direnak, neuk konponduko ditut: guztiak Egipton galduko dira, ezpataz erori edo goseak akabatuko; txiki eta handi, guztiak hilko dira. Zori beldurgarria izango dute: madarikazioa, gaitzespena eta lotsa gorria.

13. Jerusalem zigortu nuen bezala zigortuko ditut Egipton bizi direnak, gerraz, goseak eta izurriz.

14. Egipton bizitzera joandako judatarretatik ez da inor ere bizirik geldituko. Judara bizitzera itzuli nahian eta asmoz dabiltzan arren, ez dira itzuliko, iheslari bakar batzuk izan ezik».

15. Orduan, Egipton, Patros eskualdean bizi zen jendeak, gizon guztiek —ondo baitzekiten hauek beren emazteak jainko arrotzei intsentsua erretzen ari zitzaizkiela— eta bertan suertatu zen emakume-multzo handi batek Jeremiasi erantzun zioten:

16. —Ez dugu aditu nahi Jaunaren izenean ematen ari zaren mezu hori.

17. Jadanik erabakia daukaguna egingo dugu: Istar zeruko erreginari erreko diogu intsentsua eta eskainiko isur-opariak; lehenago ere hala egin izan dugu geuk, geure guraso, errege eta buruzagiek Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan. Orduan, asetzeraino genuen ogia eta zoriontsu bizi ginen, inolako zorigaitzik ikusi gabe.

18. Baina zeruko erreginari intsentsua erre eta isur-opariak egiteari utzi diogunetik, kale gorrian gaude, goseak eta gerraz hiltzen.

19. Emakumeek are gehiago zioten:—Zeruko erreginari intsentsua erreko diogu eta isur-opariak eskainiko, bai horixe! Gure senarrak ere bat datoz gurekin Istarren irudiarekin opilak egiteko eta isur-opariak eskaintzeko.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 44