Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 44:1-8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Mezu hau eman zion Jaunak Jeremiasi, Egipton —Migdol, Tafnes eta Menfis hirietan eta Patros eskualdean— bizitzen jarri ziren judatarrentzat:

2. «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Ikusiak dituzue Jerusalemen eta Judako hirien aurka bidali ditudan zorigaitzak: hondaturik eta bizilagunik gabe daude.

3. Egin dituzten gaiztakeriengatik gertatu zaie hori: iraindu egin naute, ez zuek, ez zuen gurasoek, ez beraiek ezagutzen ez zenituzten jainkoei intsentsua errez eta kultua emanez.

4. Etengabe bidali dizkizuet neure zerbitzari profetak esanez: “Ez egin horrelako egintza higuingarririk, gorroto baititut”.

5. Baina ez didazue aditu, ez jaramonik egin, ezta gaiztakeriatik itzuli eta jainko arrotzei intsentsua erretzeari utzi ere.

6. Hala, lehertu egin da nire haserre-sumina, eta erre egin ditu Judako hiriak eta Jerusalemgo kaleak: hondamendi eta eremu bihurtu dira, eta halaxe daude orain.

7. «Orain, bada, nik, Jaun ahalguztidun honek, Israelen Jainkoak, galdetzen dizuet: Zergatik nahi duzue zeuen buruen galbide izaten jarraitu eta, horrela, Judako gizon eta emakumeak, umetxo eta bularreko haurrak suntsiarazi eta zeuen herria bizilagunik gabe utzi?

8. Zergatik iraintzen nauzue zeuen idolatriazko jardueraz, bizitzera etorri zareten Egipton jainko arrotzei intsentsua errez? Horrela, suntsipena erakarriko duzue zeuen gainera, eta madarikazio eta iseka-gai bihurtuko zarete munduko nazio guztien aurrean.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 44