Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 38:3-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Hiria Babiloniako erregearen eskuetan eroriko da erremediorik gabe, eta konkistatu egingo du. Nik, Jaunak, esana».

4. Ministroek esan zioten erregeari:—Gizon honek bizia zor du! Bere hitzez, hirian gelditzen diren gudariak eta herritar guztiak adoregabetu besterik ez du egiten. Ez da ari herriaren onerako, kalterako baizik.

5. Sedekias erregeak erantzun zien:—Zeuen esku duzue! Erregeak ez dezake ezer zuen aurka.

6. Orduan, hartu eta Melkias errege-familiako printzearen putzuan sartu zuten Jeremias, sokaz jaitsiz. Putzua kartzelako atarian zegoen eta ez zuen urik, lokatza baizik. Jeremias lokatzetan sarturik gelditu zen.

7. Ebed-Melek zeritzan errege-jauregiko goi-funtzionario etiopiarrak jakin zuen Jeremias putzura bota zutela. Erregea lege-arazoak erabakitzen Benjaminen atean zegoela,

8. Ebed-Melekek jauregitik berarengana joan eta esan zion:

9. —Errege jauna, gaizki jokatu dute gizon horiek Jeremias profetarekin: putzura bota dute eta goseak hilko da bertan, ez baitago ogirik hirian.

10. Orduan, agindu hau eman zion erregeak Ebed-Melek etiopiarrari:—Joan hiru gizonekin eta atera Jeremias putzutik, hil baino lehen.

11. Ebed-Melek jauregira itzuli zen hiru gizonekin eta, jantzi-biltegitik trapu zaharren puskak harturik, sokaz Jeremiasi putzura jaitsi zizkion,

12. eta esan:—Jarri trapu zahar horiek besapean, sokaren azpitik.Hala egin zuen Jeremiasek,

13. eta, sokatik tiraka, putzutik atera zuten. Kartzelako atarian gelditu zen Jeremias.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 38