Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 38:10-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Orduan, agindu hau eman zion erregeak Ebed-Melek etiopiarrari:—Joan hiru gizonekin eta atera Jeremias putzutik, hil baino lehen.

11. Ebed-Melek jauregira itzuli zen hiru gizonekin eta, jantzi-biltegitik trapu zaharren puskak harturik, sokaz Jeremiasi putzura jaitsi zizkion,

12. eta esan:—Jarri trapu zahar horiek besapean, sokaren azpitik.Hala egin zuen Jeremiasek,

13. eta, sokatik tiraka, putzutik atera zuten. Kartzelako atarian gelditu zen Jeremias.

14. Sedekias erregeak tenpluko hirugarren sarrerara ekarrarazi eta esan zion Jeremias profetari:—Galdera bat egin nahi dizut; ez ezkutatu niri ezer.

15. Jeremiasek Sedekiasi:—Egia esaten badizut, hil egingo nauzu; aholkua ematen badizut, berriz, ez didazu jaramonik egingo.

16. Sedekias erregeak zin egin zion isilka Jeremiasi, esanez:—Ala Jauna, bizia ematen diguna! Ez zaitut hilko, ez eta zu hil nahian dabiltzan horien esku jarriko ere.

17. Orduan, Jeremiasek esan zion:—Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Baldin Babiloniako erregearen gudalburuen menpe jartzea onartzen baduzu, zeu eta etxekoak bizirik aterako zarete, eta hiria ez dute erreko.

18. Baina beraien menpe jartzen ez bazara, hiria babiloniarren esku eroriko da eta erre egingo dute, eta zeu ere ez zara libratuko haien eskuetatik.

19. Erregeak erantzun zion:—Babiloniarren aldera igaro diren judatarren beldur naiz; haien eskuetan eroriz gero, tratu txarra emango baitidate.

20. Jeremiasek erantzun zion:—Ez zaituzte haien esku jarriko. Obeditu Jaunari esan dizudan horretan, eta ongi aterako zaizu dena eta biziko zara.

21. Baina babiloniarren menpe jarri nahi ez baduzu, entzun zer azaldu didan Jaunak:

22. Judako erregearen jauregian gelditu diren emakume guztiak Babiloniako erregearen gudalburuengana eramango dituzte eta hauxe esango dute zutaz:Engainatu egin zaituzteeta gaina hartuzeure adiskide minek;zu lokatzetan sartu,eta berek alde egin!

23. «Zure emazteak eta seme-alabak babiloniarrei emango dizkiete eta zeu ere ez zara libratuko: Babiloniako erregeak preso hartuko zaitu, eta hiria erre egingo du».

24. Orduan, Sedekiasek esan zion Jeremiasi:—Ez beza inork elkarrizketa honen berri jakin; bestela, zureak egin du.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 38