Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 33:1-8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jaunak beste mezu hau eman zion Jeremiasi, artean kartzela-atarian atxiloturik zegoela:

2. «Nik, Jaun honek, egin dut lurra eta eratu, sendo iraun dezan. Jauna dut izena.

3. Dei egidazu eta erantzungo dizut, gauza handiak agertuko dizkizut, zure esku ez daudenak eta inoiz ere ezagutu ez dituzunak.

4. Nik, Jaunak, Israelen Jainkoak, hau diot, eraso-tresnen eta guduaren eraginez orain irauliak dauden Jerusalemgo etxeei eta Judako errege-jauregiei buruz:

5. Babiloniarren kontrako borrokari eusteak etxe-jauregiok giza gorpuz betetzeko baizik ez du balioko. Neuk jo ditut neure haserre-suminean, ez baitut gehiago hiri honen ardurarik hartzen, egin dituen gaiztakeriengatik.

6. «Baina jarraian osasuna emango diot hiriari, zauriak sendatuko dizkiet bertako bizilagunei, eta egiazko bake iraunkorra nola lortu erakutsiko.

7. Judaren eta Israelen zoria aldatuko dut, eta behinolako egoeran ezarriko ditut berriro;

8. nire aurka egin dituzten bekatu guztietatik garbituko ditut eta nire aurka altxatuz egin dizkidaten bidegabekeria guztiak barkatuko dizkiet.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 33