Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 33:1-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jaunak beste mezu hau eman zion Jeremiasi, artean kartzela-atarian atxiloturik zegoela:

2. «Nik, Jaun honek, egin dut lurra eta eratu, sendo iraun dezan. Jauna dut izena.

3. Dei egidazu eta erantzungo dizut, gauza handiak agertuko dizkizut, zure esku ez daudenak eta inoiz ere ezagutu ez dituzunak.

4. Nik, Jaunak, Israelen Jainkoak, hau diot, eraso-tresnen eta guduaren eraginez orain irauliak dauden Jerusalemgo etxeei eta Judako errege-jauregiei buruz:

5. Babiloniarren kontrako borrokari eusteak etxe-jauregiok giza gorpuz betetzeko baizik ez du balioko. Neuk jo ditut neure haserre-suminean, ez baitut gehiago hiri honen ardurarik hartzen, egin dituen gaiztakeriengatik.

6. «Baina jarraian osasuna emango diot hiriari, zauriak sendatuko dizkiet bertako bizilagunei, eta egiazko bake iraunkorra nola lortu erakutsiko.

7. Judaren eta Israelen zoria aldatuko dut, eta behinolako egoeran ezarriko ditut berriro;

8. nire aurka egin dituzten bekatu guztietatik garbituko ditut eta nire aurka altxatuz egin dizkidaten bidegabekeria guztiak barkatuko dizkiet.

9. Jerusalem pozbide izango da niretzat; munduko nazio guztiek goretsiko naute eta ospetsu aitortuko, hari emango diodan ongizatea ikustean. Harri eta zur geldituko dira Jerusalemi emango dizkiodan ongizate eta bakearengatik».

10. Honela dio Jaunak: «Gizaki eta abererik gabe, eremu bihurtua dagoela diozuen toki honetan, guztiz hondatuak daudela diozuen Judako hiri eta Jerusalemgo kaleetan,

11. berriro entzungo dira poz-alaitasunezko oihuak eta senar-emaztegaien kantuak, berriro entzungo tenplura gorespen-opariak ekarriz kantatuko duten hau:“Goretsazue Jaun ahalguztiduna,ona baita,haren maitasuna betikoa baita”.«Izan ere, herrialde honen zoria aldatuko dut, lehengo egoerara ekarriko. Nik, Jaunak, esana».

12. Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Orain gizaki eta abererik gabe, eremu bihurtua dagoen lurralde honetan, bertako hiri guztietan, ardiak biltzeko artegiak egingo dira berriro.

13. Mendialdeko, Xefela lautadako eta Negeveko hirietan, Benjaminen herrialdean, Jerusalemgo inguruetan eta Judako hirietan ikusiko dira oraindik artzainak ardiak zenbatzen. Nik, Jaunak, esana».

14. Jaunak dio: «Badator Israel herriari eta Juda herriari egin diedan promesa beteko dudan garaia.

15. «Garai hartan,legezko ondorengoaernearaziko diot Davidi:zuzenbidea eta justiziaezarriko ditu herrialdean.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 33