Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 32:19-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Egitasmo handiak dituzu eta huts egin gabe burutzen. Gizakien jokabide guztiak begi-bistan dituzu, nori bere jokaeraren ordaina, bere egiteen merezia, emateko.

20. Gure herria Egipton egon zenetik gaur arte, mirariak eta egintza harrigarriak burutu dituzu, eta izen ospetsua zeureganatu bai Israelen, bai gizaki guztien artean.

21. Mirariak eta egintza harrigarriak eginez atera zenuen Israel zeure herria Egiptotik, ahalmen handiz eta esku bizkorrez atera ere, mundu guztia izutuz.

22. Esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman zenien israeldarrei, arbasoei zin eginez agindu zenien lurraldea.

23. Baina jabe izateko bertara sartu zirenean, ez ziren zure esaneko izan, ez zituzten zure legeak bete, ez zuten zuk aginduaren arabera jokatu. Horregatik bidali diezu zoritxar handi hau.

24. «Begira, babiloniarrek eginak dituzte erasorako bideak, eta laster eroriko da Jerusalem erasotzaileen esku, gerrak, goseak eta izurriak beharturik. Iragarri zenuena ari da gertatzen, eta zu hor begira!

25. Zeuk agindu didazu, ordea, Jainko Jauna, alorra erosi eta lekukoen aurrean ordaintzeko. Eta hiria babiloniarren menpe erortzear dago… ».

26. Orduan, honela erantzun zion Jaunak Jeremiasi:

27. «Neu naiz Jauna, bizidun guztien Jainkoa. Niretzat ez da ezer ezinezkorik.

28. Bada, hau diot nik, Jaunak: Hiri hau babiloniarren eta Babiloniako errege Nabukodonosorren esku uzten dut, konkista dezaten.

29. Bertan sartuko dira erasotzen ari zaizkion babiloniarrak eta su emango diote; suak hiria irentsiko du eta hiriarekin batera etxeak, ni iraintzeko etxe gainetan Baali intsentsua erre eta atzerriko jainkoei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxeak.

30. Izan ere, israeldarrek eta judatarrek, nik gaitzesten dudana egiten jardun dute gaztetandik; israeldarrek iraindu besterik ez naute egin berek eginiko idoloekin. Hala diot nik, Jaunak.

31. Hiri honek, egin zutenetik gaurdaino, haserre-sumina piztu dit eta suntsitzea erabaki dut,

32. israeldarrek eta judatarrek egin dituzten gaiztakeria guztiengatik: iraindu egin naute israeldarrek, beren errege eta buruzagiek, apaiz eta profetek, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiek.

33. Bizkarra eman didate, ez aurpegia. Etengabe irakatsi diedan arren, ez didate aditu eta ez dute zentzatu nahi izan.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 32