Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 27:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Judako errege Josiasen seme Sedekias errege izaten hasi zen garaian, Jaunak agindu hau eman zion Jeremiasi:

2. «Egin itzazu hedeak eta uztarria, eta hartu lepoan.

3. Gero, bidali mandatu bat Edom, Moab, Amon, Tiro eta Sidongo erregeei, Sedekias erregeari bisita egitera Jerusalemera etorri diren mandatarien bitartez.

4. Agindu beren erregeei adierazteko, nire, Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezu hau:

5. Neuk egin ditut neure indar handiz eta esku ahaltsuz mundua eta munduko gizaki eta abereak, eta neuk nahi dudanari ematen diot hori guztia.

6. Orain, bada, nire zerbitzari Nabukodonosor Babiloniako erregeari herrialde guztiok ematea erabaki dut; basapiztiak berak ere haren menpe uzten ditut.

7. Nazio guztiak jartzen dizkiet menpean berari, semeari eta bilobari; baina beraren herrialdeari ere etorriko zaio garaia, eta nazio askoren eta errege ahaltsuren menpe eroriko da.

8. Oraingoz, ordea, nazio edo erreinuren batek Babiloniako errege Nabukodonosorren menpeko izan eta haren uztarpean jarri nahi ez badu, gerraz, gosez eta izurriz zigortuko dut, haren esku utzi arte. Hala diot nik, Jaunak.

9. «Ez egin, beraz, jaramonik Babiloniako erregeak ez zaituztela menderatuko iragartzen dizueten profetei, ez igarleei, ezta ametsak azalduz edo azti-baliabidez geroa asmatu ohi dutenei ere.

10. Gezurra da iragartzen dizuetena, eta zeuen lurraldetik urruntzea besterik ez dizuete ekarriko. Haiei jaramon eginez gero, neuk jaurtiko zaituztet, eta galdu egingo zarete.

11. Baina Babiloniako erregearen uztarpean jartzea eta haren menpeko izatea onartzen duen nazioa, lasai utziko dut bere lurraldean, landu dezan eta bertan bizi dadin. Nik, Jaunak, esana».

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 27