Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 26:2-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. «Zaude tenpluko atarian zutik, eta hitz egin Judako hirietatik Jauna gurtzera tenplura datozen guztiei. Hots egin zehatz-mehatz haiei esateko agindu dizkizudan hitzak, bakar bat ere utzi gabe.

3. Agian adituko dizute eta beren jokabide okerretik bihurtuko dira. Horrela baldin bada, damutu egingo naiz eta ez dut beteko beraien egite gaiztoengatik ematea pentsatua dudan zigorra.

4. Adierazi nire, Jaun honen, mezu hau: Ez badidazue aditu nahi, nik emaniko legearen arabera jokatuz,

5. ez badiezue jaramonik egiten behin eta berriro, etengabe, bidaltzen dizkizuedan neure zerbitzari profeten esanei —eta benetan zuek ez didazue aditu nahi—,

6. Xiloko kultu-lekuari eman nion tratu bera emango diot tenplu honi; hiri hau, berriz, nire madarikazioaren adierazgarri izango da munduko nazio guztientzat».

7. Apaizak, profetak eta jende guztia Jeremiasi entzuten zeuden, tenpluan hitzaldi hau egiten ari zen bitartean.

8. Eta Jaunak esateko agindu zion guztia bota zuenean, apaizek, profetek eta jendeak heldu egin zioten, esanez: «Heriotza-zigorra merezi duk!

9. Nola ausartzen haiz Jaunaren izenean esaten tenplu honek Xilok bezalako tratua izango duela eta hiria erraustua izango dela, bizilagunik gabe gelditzeraino?» Jende guztia Jeremiasen inguruan pilatu zen tenpluan.

10. Judako buruzagiak, gertatuaren berri jakitean, erregearen jauregitik tenplura joan eta tenpluko Ate Berriaren aurrean eseri ziren.

11. Orduan, apaizek eta profetek buruzagiei eta herriari esan zieten: «Gizon honek heriotza merezi du, hiri honen kontra hitz egin baitu Jaunaren izenean, zeuen belarriz entzun duzuen legez».

12. Jeremiasek buruzagiei eta herriari esan zien: «Jaunak bidali nau, entzun didazuen guztia tenplu honen eta hiri honen aurka beraren izenean aldarrikatzera.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 26