Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 25:14-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Beren aldian, babiloniarrak ere nazio askoren eta errege indartsuren menpe eroriko dira. Horrela emango diet beren egintzengatik merezi duten ordaina».

15. Agindu hau eman zidan Jaunak, Israelgo Jainkoak: «Hartu nire eskutik pattarrez beteriko kopa hau, eta edanarazi nik bidaliko zaitudan nazio guztiei.

16. Edan eta balantzaka hasiko dira, eta zoratuta ibiliko, bidaliko diedan gerrarengatik».

17. Hartu nuen kopa Jaunaren eskutik, eta Jaunak bidali ninduen nazio guztiei edanarazi nien.

18. Lehenengo, Jerusalemi eta Judako hiriei, bertako errege eta buruzagiei eman nien, hondakin eta eremu, iseka-gai eta madarikazio bihur zitezen —eta halaxe da gaur egun—;

19. gero, beste guztiei eman nien: Egiptoko errege faraoiari, ministro, buruzagi eta herri guztiari,

20. eta bertako populazio nahasiei; Utz herrialdeko errege guztiei; filistearren lurraldeko erregeei: Axkelon, Gaza eta Ekron hirietako erregeei eta Axdod hirian bizirik gelditutakoen erregeari;

21. Edom, Moab eta Amoni;

22. Tiro eta Sidongo errege guztiei; itsasoaz beste aldean dauden lurraldeetako erregeei;

23. Dedan, Teman eta Buz herrialdeei eta beduinoei;

24. Arabiako errege guztiei; basamortuan bizi diren populazio nahasien erregeei;

25. Zimri, Elam eta Mediako errege guztiei;

26. iparraldeko errege guztiei, gertuko nahiz urrutikoei, banan-banan; mundu zabalean diren erreinu guztiei. Azkenean, Babiloniako erregeari edanarazi nion.

27. Gero, hau esateko agindu zidan Jaunak: «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Edan, mozkortu, oka egizue eta erori lurrera, gehiago ez jaikitzeko, gerraren erasopean».

28. Eta erantsi zuen: «Zure eskutik kopa hartu eta edan nahi ez badute, adierazi nire partetik, nolanahi ere edan egin beharko dutela.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 25