Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 25:14-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Beren aldian, babiloniarrak ere nazio askoren eta errege indartsuren menpe eroriko dira. Horrela emango diet beren egintzengatik merezi duten ordaina».

15. Agindu hau eman zidan Jaunak, Israelgo Jainkoak: «Hartu nire eskutik pattarrez beteriko kopa hau, eta edanarazi nik bidaliko zaitudan nazio guztiei.

16. Edan eta balantzaka hasiko dira, eta zoratuta ibiliko, bidaliko diedan gerrarengatik».

17. Hartu nuen kopa Jaunaren eskutik, eta Jaunak bidali ninduen nazio guztiei edanarazi nien.

18. Lehenengo, Jerusalemi eta Judako hiriei, bertako errege eta buruzagiei eman nien, hondakin eta eremu, iseka-gai eta madarikazio bihur zitezen —eta halaxe da gaur egun—;

19. gero, beste guztiei eman nien: Egiptoko errege faraoiari, ministro, buruzagi eta herri guztiari,

20. eta bertako populazio nahasiei; Utz herrialdeko errege guztiei; filistearren lurraldeko erregeei: Axkelon, Gaza eta Ekron hirietako erregeei eta Axdod hirian bizirik gelditutakoen erregeari;

21. Edom, Moab eta Amoni;

22. Tiro eta Sidongo errege guztiei; itsasoaz beste aldean dauden lurraldeetako erregeei;

23. Dedan, Teman eta Buz herrialdeei eta beduinoei;

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 25