Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 25:1-7 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Josiasen seme eta Judako errege Joiakimen erregealdiko laugarren urtean mezua zuzendu zion Jaunak Jeremiasi Judako herriari buruz. Babiloniako errege Nabukodonosorren erregealdiko lehen urtea zen.

2. Jeremias profetak Judako herri osoari eta Jerusalemgo bizilagunei adierazi zien mezua:

3. «Amonen seme eta Judako errege Josiasen hamahirugarren urtetik gaur arte, hogeita hiru urtetan hain zuzen, Jaunak bere mezua eman dit aditzera eta nik lehiaz iragarri dizuet; baina zuek ez didazue aditu.

4. Nire aurretik, Jaunak etengabe bidali dizkizue profetak, bere zerbitzariak, baina zuek ez diezue aditu, ezta jaramonik egin ere.

5. Profetek, nor bere jokabide okerretik eta egite gaiztoetatik bihurtzeko eskatzen zizueten, horrela Jaunak zuei eta zuen gurasoei betidanik eta betiko emandako lurraldean bizitzen jarraitzeko aukera izango zenutela esanez;

6. jainko arrotzen ondoren ez ibiltzeko, haiek zerbitzatuz eta gurtuz; zeuen idolatriazko jardueraz Jauna ez iraintzeko, eta horrela ez zintuztela berak zigortuko.

7. Baina ez dituzue Jaunaren hitzak aditu nahi izan eta zeuen idolatriazko jardueraz iraintzen jarraitu duzue, zigorra zeuen gainera erakarriz.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 25