Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 25:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Josiasen seme eta Judako errege Joiakimen erregealdiko laugarren urtean mezua zuzendu zion Jaunak Jeremiasi Judako herriari buruz. Babiloniako errege Nabukodonosorren erregealdiko lehen urtea zen.

2. Jeremias profetak Judako herri osoari eta Jerusalemgo bizilagunei adierazi zien mezua:

3. «Amonen seme eta Judako errege Josiasen hamahirugarren urtetik gaur arte, hogeita hiru urtetan hain zuzen, Jaunak bere mezua eman dit aditzera eta nik lehiaz iragarri dizuet; baina zuek ez didazue aditu.

4. Nire aurretik, Jaunak etengabe bidali dizkizue profetak, bere zerbitzariak, baina zuek ez diezue aditu, ezta jaramonik egin ere.

5. Profetek, nor bere jokabide okerretik eta egite gaiztoetatik bihurtzeko eskatzen zizueten, horrela Jaunak zuei eta zuen gurasoei betidanik eta betiko emandako lurraldean bizitzen jarraitzeko aukera izango zenutela esanez;

6. jainko arrotzen ondoren ez ibiltzeko, haiek zerbitzatuz eta gurtuz; zeuen idolatriazko jardueraz Jauna ez iraintzeko, eta horrela ez zintuztela berak zigortuko.

7. Baina ez dituzue Jaunaren hitzak aditu nahi izan eta zeuen idolatriazko jardueraz iraintzen jarraitu duzue, zigorra zeuen gainera erakarriz.

8. «Horregatik, hau dio Jaun ahalguztidunak: Nire hitzak aditu nahi izan ez dituzuelako,

9. iparraldeko herriei eta Babiloniako errege Nabukodonosor nire zerbitzariari deituko diet herrialde honen aurka, eta hemengo bizilagunen eta inguruko herrien aurka bidaliko. Erabat suntsituko ditut eta betiko eremu eta hondakin bihurtuko, jendearen iseka-gai.

10. Desagerraraziko ditut zuen artetik poz-alaitasunezko oihuak, senar-emaztegaien kantu alai eta atseginak, errota-hotsa eta kriseiluaren argia.

11. Lurralde hau guztia hondatua geldituko da eta Babiloniako erregearen menpeko izango dira nazio hauek hirurogeita hamar urtez.

12. «Baina hirurogeita hamar urte betetakoan, beren bekatuen kontuak eskatuko dizkiet Babiloniako errege eta nazioari, eta betiko hondatuko dut babiloniarren herrialdea. Hala diot nik, Jaunak.

13. Beteko ditut herrialde horretan, egin nizkion mehatxu guztiak, hau da, nazioen aurka Jeremiasek nire izenean iragarri eta liburu honetan idatzita daudenak.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 25