Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 4:7-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Orduan, Jaunak esan zion:—Sartu berriro eskua kolkoan.Hala egin zuen Moisesek eta, ateratzean, beste gorputz-atal guztiak bezain ongi zeukan.

8. Gero, Jaunak esan zion:—Lehenengo miraria egitean ez badizute sinesten, ez jaramonik egiten, bigarrena egitean sinetsiko dizute;

9. baina ez badizute sinesten, ez jaramonik egiten, atera ura ibaitik eta isuri lurrean: ura odol bihurtuko da.

10. Moisesek esan zion Jaunari:—Ai Jauna! Ni ez naiz hizketan trebea; ez naiz sekula izan, ezta orain ere, zuk niri hitz egin ondoren. Hizmotela nauzu, hizketarako traketsa.

11. Jaunak erantzun zion:—Nork eman dio mihia gizakiari? Nork egiten du gizakia mutu ala gor, itsu ala ikusle, nik, Jaun honek, izan ezik?

12. Zoaz, bada; zeurekin izango nauzu hitz egin behar duzunean, zer esan adierazteko.

13. Moisesek, ordea, esan zion:—Arren, Jauna, ni ez, bidali besteren bat.

14. Haserretu zen Jauna Moisesen aurka eta esan zion:—Hor duzu Aaron zeure anaia, lebitarra. Badakit ongi hitz egiten duela. Gainera, bidera datorkizu bera, eta asko poztuko da zu ikusteaz.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 4