Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 39:8-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Epaiketarako bularrekoa artelanez egin zuten, efodaren gai berak erabiliz: urrea, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho-hari bihurritua.

9. Bitan tolestatua zegoen eta karratua zen: hogeita bost zentimetro luze eta beste hainbeste zabal.

10. Lau errenkada-harribitxiz estali zuten: lehen errenkadan, kornalina, topazioa eta esmeralda;

11. bigarrenean, errubia, zafiroa eta beriloa;

12. hirugarrenean, opaloa, agata eta amatista,

13. eta laugarrenean, krisolitoa, onizea eta jaspea. Harribitxiok urre-begietan sartu zituzten.

14. Hamabi ziren Israelgo hamabi leinuen arabera; harribitxi bakoitzean izen bat zegoen zizelkatua, zigilu batean bezala.

15. Bularrekoari urre garbizko katetxoak egin zizkioten soka bihurrituen antzera.

16. Urre-harizko bi apaingarri eta urrezko bi eraztun egin eta bularrekoaren bi ertzei erantsi zizkieten;

17. urrezko bi katetxoak bularreko ertzen eraztunetan katigatu zituzten,

18. eta katetxoen muturrak urre-harizko bi apaingarriei itsatsi, efodaren sorbalda-babeskiei aurrealdetik lotuz.

19. Urrezko beste bi eraztun eginez, bularrekoaren beste bi muturrei erantsi zizkieten, barrualdetik, efodaren kontra dagoen aldetik.

20. Urrezko beste bi eraztun egin zituzten eta efodaren sorbalda-babeskien aurrealdeko barrenean, josturen ondoan, ipini, efodaren xingola baino goraxeago.

21. Bularrekoaren eraztunak efodarenei purpura morezko lokarriz lotu zizkieten, bularrekoa efodaren xingola baino gorago gelditzeko moduan eta efodari itsatsia, Jaunak Moisesi agindu bezala.

22. Mantua purpura morez ehundua zen;

23. erdian buruarentzat zuloa zuen, eta zuloaren inguru-ertza bular-oskola bezain urraezina.

24. Mantuaren barreneko ertza purpura more, gorri eta gorriminezko granadaz apaindu zuten.

25. Urre garbizko txilinak ere egin zituzten, eta mantuaren inguru-ertz guztian granadekin tartekatu:

26. txilinak eta granadak, txandaka; liturgi zerbitzurako erabiltzen zen, Jaunak Moisesi agindu bezala.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 39