Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 38:2-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Lau adar egin zizkion lau ertzetarako, aldarearekin gorputz bat bera egiten zutelarik, eta brontzez estali zuen aldarea.

3. Egin zituen aldarerako tresnak ere: txingar-ontziak, palak, isipu-ontziak, sardexkak eta errautsontziak, brontzezkoak guztiak.

4. Brontzezko sare bat ere egin zuen eta aldare-ertzaren azpian ipini, aldare erdiraino jaisten zelarik.

5. Lau eraztun egin zituen brontzezko sarearen lau izkinetarako, haietatik hagak pasarazteko.

6. Akazia-zurezko hagak egin eta brontzez estali zituen,

7. eta aldare-alboetako eraztunetatik sartu zituen, aldarea eramateko. Oholez egin zuen aldarea, barrua hutsik.

8. Uraska eta oina brontzezkoak egin zituen, elkarketa-etxolaren sarreran zerbitzuan ari ziren emakumeen ispiluetako brontzez baliatuz.

9. Ataria egin zuen: hegoaldetik liho-hari bihurrituzko oihalak, berrogeita hamar metro luzekoak;

10. hogei zutabe eta hogei oinak brontzezkoak ziren; zutabeen kako eta ziriak, berriz, zilarrezkoak;

11. iparraldetik, berrogeita hamar metro luzeko oihalak, brontzezko hogei zutabe eta hogei oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren;

12. mendebaldetik, hogeita bost metro luzeko oihalak, hamar zutabe eta hamar oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren;

13. ekialdetik, hogeita hamabost metro luzeko oihalak:

14. sarreraren hegal batek zazpi metro eta erdi oihal zituen, hiru zutabe eta hiru oinekin,

15. eta beste hegalak, beste zazpi metro eta erdi oihal, hiru zutabe eta hiru oinekin.

16. Atari inguruko oihal guztiak liho-hari bihurrituzkoak ziren;

17. zutabeen oinak brontzezkoak, kakoak eta ziriak zilarrezkoak; zutabe-gainak ere zilarrez estali zituen; atariko zutabe guztiek zilarrezko ziriak zituzten.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 38