Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 38:17-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. zutabeen oinak brontzezkoak, kakoak eta ziriak zilarrezkoak; zutabe-gainak ere zilarrez estali zituen; atariko zutabe guztiek zilarrezko ziriak zituzten.

18. Atari-sarrerako oihala purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordatu zuen. Hamar metro luze zen eta bi metro eta erdi gora, atariko oihalak bezala.

19. Lau zutabe eta lau oinak brontzezkoak ziren, eta kakoak zilarrezkoak; zutabe-gainak eta ziriak, berriz, zilarrez estaliak.

20. Egoitzako eta inguratzen zuen atariko hesola guztiak brontzezkoak ziren.

21. Hona hemen itunaren egoitza eraikitzeko erabilitako metalen kontua, Moisesen aginduz eta Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean lebitarrek jasorikoa.

22. Juda leinuko Betzalelek, Uriren seme eta Hurren bilobak, Jaunak Moisesi aginduriko guztia egin zuen.

23. Dan leinuko Ahisamaken seme Oholiab izan zuen lankide: artelanak asmatzen eta egiten trebea eta purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina bordatzen ikasia.

24. Santutegiko lanetan erabilitako urrea, israeldarrek Jaunari oparitzat aurkezturikoa, bederatziehun eta hirurogeita bosten bat kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.

25. Elkartearen errolda egitean bildutako zilarra hiru mila hirurehun eta hemeretzi kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera;

26. erroldan hogei urtez gorakoak seiehun eta hiru mila bostehun eta berrogeita hamar lagun izan ziren, eta bakoitzak bost gramo zilar eman zuen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.

27. Hiru mila eta hirurehun kilo santutegirako eta errezel-zutabeen oinak urtzeko erabili ziren: oin bakoitzeko hogeita hamahiru kilo.

28. Gainerako hemeretzi kiloak, kakoak eta zutabeak elkarlotzen zituzten ziriak egin eta zutabe-gainak estaltzeko erabili ziren.

29. Jaunari oparitzat aurkezturiko brontzea, bi mila hirurehun eta hogeita hamasei kilo izan zen;

30. brontze honetaz egin zituzten elkarketa-etxolaren sarrerako zutabeen oinak, brontzezko aldarea bere sare eta tresna guztiekin,

31. etxola inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako zutabeen oinak, eta egoitzako eta atariko hesolak.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 38