Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 30:1-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Egin akazia-zurezko aldarea intsentsua erretzeko,

2. karratua: metro erdi bat luze-zabal eta metro bat gora. Aldare-ertzeko adarrek gorputz bat bera egingo dute aldarearekin.

3. Estali urre garbiz gainaldea, lau alboak eta adarrak, eta ezarri inguruan urrezko hegala.

4. Hegalaren azpitik urrezko eraztunak jarriko dizkiozu, bi alde batetik eta bi bestetik, haietatik hagak sartuz, aldarea eraman ahal izateko.

5. Hagak akazia-zurez egingo dituzu eta urrez estaliko.

6. Ezarri gero aldarea itun-kutxa estaltzen duen errezelaz kanpo, kutxaren gaineko estalki aurrean, hor elkartuko bainaiz zurekin.

7. Goizero, kriseiluak prest jartzean, intsentsu usaintsua erreko du Aaronek aldare honen gainean,

8. eta gauza bera ilunabarrean, kriseiluak piztean; etengabe erreko duzue intsentsua Jaunaren aurrean belaunez belaun.

9. Ez duzu aldare honen gainean horretarako intsentsua baizik eskainiko, ezta erre-oparirik, labore-oparirik nahiz isur-oparirik ere.

10. Urtean behin aldarearen garbikuntza egingo du Aaronek, bekatuen barkamenerako eskainitako sakrifizioaren odolaz aldare-ertzeko adarrak igurtziz. Urtean behin egingo duzue hau belaunez belaun. Horrela, guztiz sakratua izango da aldarea, Jaunari sagaratua».

11. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

12. «Israeldarren errolda egitean, haietariko bakoitzak zerga emango du Jaunarentzat bere biziaren ordain, erroldatzea dela-eta izurri hilgarririk gerta ez dadin.

13. Erroldatua den gizaseme orok bost gramo zilar ordainduko du Jaunarentzat, santutegian erabili ohi den pisu-neurriaren erdia.

14. Erroldatua den hogei urtez gorako gizaseme orok ordainduko du zerga hori Jaunarentzat.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 30