37. Zazpi egunez egingo dituzu garbikuntza- eta sagarapen-ohikuneak; horrela, guztiz sakratua izango da aldarea, eta hori ukitzen duena ere sakratu gertatuko da.
38. «Eguneroko oparitzat, urtebeteko bi arkume eskainiko dituzu aldarean:
39. goizean bata eta ilunabarrean bestea.
40. Lehenengoarekin batera, eskaini lau kilo irin zuri, litro bat olio garbiz oratua, eta isuri litro bat ardo.
41. Labore-opari eta isur-opari berdina egingo duzu ilunabarrean beste arkumearekin, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.
42. Eguneroko erre-opari horiek belaunez belaun egingo dituzte Jaunaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran, zurekin mintzatzeko elkartuko natzaizun lekuan.
43. Han elkartuko natzaie israeldarrei, eta leku hura nire aintzaz beteko dut eta sagaratuko.
44. Elkarketa-etxola eta aldarea sagaratuko ditut; baita Aaron eta beronen semeak ere, nire apaiz-zerbitzurako.
45. Israeldarren artean biziko naiz eta Jainko izango naute.
46. Honela jakingo dute Jauna naizela ni, beraien Jainkoa, eta beren artean bizitzeko atera nituela Egiptotik. Neu naiz Jauna, haien Jainkoa.