Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 29:26-43 Elizen Arteko Biblia (EAB)

26. Hartu Aaronen sagarapenerako ahari honen bularra, eta aurkeztu Jaunari errituzko aurkezpen-keinua eginez. Hori izango da zuri dagokizun zatia.

27. Bereizi aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra Aaronentzat eta beronen semeentzat.

28. Horixe izango da betiko Aaronek eta beronen semeek israeldarrengandik jasoko duten zatia; hori gordeko diete israeldarrek, Jaunari eskaintzen dizkioten elkartasun-oparietatik hartuz.

29. «Aaronen arropa sakratuak beraren semeengana eskualdatuko dira, eta sagaratzean eta apaizgoa hartzean jantziko dituzte.

30. Zazpi egunez eramango ditu Aaroni karguan jarraituko dion semeak, kultu-zerbitzua santutegian betetzeko elkarketa-etxolara sartzean.

31. «Hartu gero sagarapeneko aharia eta egosi haren okela toki sakratuan.

32. Aaronek eta semeek elkarketa-etxolaren sarreran jango dituzte ahari-okela eta saskiko ogia.

33. Beraiek bakarrik jan ahal izango dute sagaratzerakoan eta apaizgoa hartzerakoan bekatuen barkamenerako erabilitakoa. Ezin izango du jan beste inork horretatik, gauza sakratuak dira eta.

34. Sagarapeneko okelarik edo ogirik biharamunerako gelditzen bada, erre egingo duzu; ez du inork jango, sakratua da eta.

35. «Egin, Jaunak agindu bezala, Aaroni eta beronen semeei dagokien hori guztia. Zazpi egun iraungo du apaizgoa emateko ohikuneak.

36. Egunean zekor bat eskainiko duzu bekatuen barkamen-oparitzat; aldarearen garbikuntza egingo duzu, barkamen-oparia bertan eskainiz, eta sagaratu egingo duzu, olioa isuriz.

37. Zazpi egunez egingo dituzu garbikuntza- eta sagarapen-ohikuneak; horrela, guztiz sakratua izango da aldarea, eta hori ukitzen duena ere sakratu gertatuko da.

38. «Eguneroko oparitzat, urtebeteko bi arkume eskainiko dituzu aldarean:

39. goizean bata eta ilunabarrean bestea.

40. Lehenengoarekin batera, eskaini lau kilo irin zuri, litro bat olio garbiz oratua, eta isuri litro bat ardo.

41. Labore-opari eta isur-opari berdina egingo duzu ilunabarrean beste arkumearekin, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

42. Eguneroko erre-opari horiek belaunez belaun egingo dituzte Jaunaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran, zurekin mintzatzeko elkartuko natzaizun lekuan.

43. Han elkartuko natzaie israeldarrei, eta leku hura nire aintzaz beteko dut eta sagaratuko.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 29