Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 29:22-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Hartu ahariaren buztaneko gantza, hesteen gainekoa eta gibela estaltzen duena, giltzurrunak eta itsatsirik daukaten gantza, eta eskuineko izterra; apaizen sagarapenerako aharia da hau.

23. Hartu gero Jaunaren aurrean dagoen legamia gabeko ogien saskitik ogi biribil bat, oliotan oraturiko opil bat eta talo bat;

24. ezarri dena Aaronen eta beronen semeen eskuetan, eta aurkez biezaiote Jaunari, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

25. Gero, hartu haien eskuetatik berriro eta erre dena aldarean, Jaunarentzat erre-opari gisa eskainitakoaren gainean, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

26. Hartu Aaronen sagarapenerako ahari honen bularra, eta aurkeztu Jaunari errituzko aurkezpen-keinua eginez. Hori izango da zuri dagokizun zatia.

27. Bereizi aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra Aaronentzat eta beronen semeentzat.

28. Horixe izango da betiko Aaronek eta beronen semeek israeldarrengandik jasoko duten zatia; hori gordeko diete israeldarrek, Jaunari eskaintzen dizkioten elkartasun-oparietatik hartuz.

29. «Aaronen arropa sakratuak beraren semeengana eskualdatuko dira, eta sagaratzean eta apaizgoa hartzean jantziko dituzte.

30. Zazpi egunez eramango ditu Aaroni karguan jarraituko dion semeak, kultu-zerbitzua santutegian betetzeko elkarketa-etxolara sartzean.

31. «Hartu gero sagarapeneko aharia eta egosi haren okela toki sakratuan.

32. Aaronek eta semeek elkarketa-etxolaren sarreran jango dituzte ahari-okela eta saskiko ogia.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 29