Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 29:18-34 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Guztia aldare gainean oso osorik erreko duzu, Jaunarentzat erre-opari gisa, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

19. «Ondoren, hartu beste aharia. Aaronek eta beronen semeek buruan eskuak ezarriko dizkiote.

20. Hil aharia eta, haren odoletik harturik, igurtzi Aaronen eta beronen semeen eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak, eta isuri gainerako odola aldare inguruan.

21. Hartu aldare gaineko odoletik eta gantzuketa-oliotik, eta zipriztindu Aaron eta beronen jantziak eta semeak eta berauen jantziak. Honela, bai Aaron eta semeak, bai berauen jantziak, sagaraturik geldituko dira.

22. Hartu ahariaren buztaneko gantza, hesteen gainekoa eta gibela estaltzen duena, giltzurrunak eta itsatsirik daukaten gantza, eta eskuineko izterra; apaizen sagarapenerako aharia da hau.

23. Hartu gero Jaunaren aurrean dagoen legamia gabeko ogien saskitik ogi biribil bat, oliotan oraturiko opil bat eta talo bat;

24. ezarri dena Aaronen eta beronen semeen eskuetan, eta aurkez biezaiote Jaunari, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

25. Gero, hartu haien eskuetatik berriro eta erre dena aldarean, Jaunarentzat erre-opari gisa eskainitakoaren gainean, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

26. Hartu Aaronen sagarapenerako ahari honen bularra, eta aurkeztu Jaunari errituzko aurkezpen-keinua eginez. Hori izango da zuri dagokizun zatia.

27. Bereizi aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra Aaronentzat eta beronen semeentzat.

28. Horixe izango da betiko Aaronek eta beronen semeek israeldarrengandik jasoko duten zatia; hori gordeko diete israeldarrek, Jaunari eskaintzen dizkioten elkartasun-oparietatik hartuz.

29. «Aaronen arropa sakratuak beraren semeengana eskualdatuko dira, eta sagaratzean eta apaizgoa hartzean jantziko dituzte.

30. Zazpi egunez eramango ditu Aaroni karguan jarraituko dion semeak, kultu-zerbitzua santutegian betetzeko elkarketa-etxolara sartzean.

31. «Hartu gero sagarapeneko aharia eta egosi haren okela toki sakratuan.

32. Aaronek eta semeek elkarketa-etxolaren sarreran jango dituzte ahari-okela eta saskiko ogia.

33. Beraiek bakarrik jan ahal izango dute sagaratzerakoan eta apaizgoa hartzerakoan bekatuen barkamenerako erabilitakoa. Ezin izango du jan beste inork horretatik, gauza sakratuak dira eta.

34. Sagarapeneko okelarik edo ogirik biharamunerako gelditzen bada, erre egingo duzu; ez du inork jango, sakratua da eta.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 29