Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 24:3-9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Jaunak esana eta erabakia adierazi zizkion Moisesek herriari, eta honek erantzun zion aho batez: «Jaunak esandako guztia egingo dugu».

4. Moisesek idatzi egin zuen Jaunak esandakoa. Biharamunean, goizean goiz jaikirik, aldarea eraiki zuen mendi barrenean, eta hamabi zutarri ere bai Israelgo hamabi leinuen izenean.

5. Ondoren, zezenak hil eta Jaunari erre-opari eta elkartasun-oparitzat eskaintzeko agindu zien israeldar gazte batzuei.

6. Moisesek odolaren erdia hartu eta ontzietan ipini zuen, eta beste erdia aldarera isuri.

7. Gero, itun-liburua hartu eta herriari irakurri zion. Herriak erantzun zuen: «Onartuko dugu eta beteko Jaunak esandako guztia».

8. Moisesek odola hartu eta herriaren gain zirtatu zuen, esanez: «Odol hau da xedapen hauen guztien arabera Jaunak zuekin egin duen itunaren ezaugarria».

9. Moises mendira igo zen, Aaron, Nadab, Abihu eta Israelgo arduradunetako hirurogeita hamarrekin.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 24