Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 23:7-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. «Urrundu zeuengandik gezurrezko salakuntzak: ez eman heriotzara errugabea eta zintzoa, nik ez baitut errugabe aitortuko horrelako gaiztakeria egiten duenik.

8. «Ez onartu eskupekorik, itsutu egiten baititu pertsona argiak ere eta hondatu egiten zintzoen epaia.

9. «Ez zapaldu etorkina, ongi dakizue-eta zer den etorkin izatea, zeuek ere etorkin izan baitzarete Egipton.

10. «Sei urtez ereingo duzue zeuen lurrean eta bilduko uzta,

11. baina zazpigarrenean atseden emango diozue lurrari, landu gabe utziz; lurrak berez emango duena herriko behartsuek jango dute, eta gainerakoa basapiztiek irentsiko. Gauza bera egingo duzue zeuen mahasti eta olibadiekin.

12. «Sei egunez egingo dituzue zeuen eginbeharrak, baina zazpigarrenean atseden hartuko duzue; horrela, zuen idi eta astoek ere atseden hartu ahal izango dute, eta zuen esklaboa eta etorkina indarberritu egingo dira.

13. «Bete nik esandako guztia; ez diezue beste jainkoei otoitz egingo, ez aipatuko ere haien izenik.

14. «Ospatu hiru jai urtean nire omenez.

15. «Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia; nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik. Ez da inor nire aurrera esku-hutsik azalduko.

16. «Halaber, ospatu uzta-jaia, soroan erein duzuenaren lehen fruituena; baita urteburuko uzta-biltzearena ere, zeuen soroetako lanaren fruituak biltzen dituzuenekoa.

17. «Beraz, urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jainko Jaunaren aurrera.

18. «Ez eskaini sakrifizioetako abere-odolik ogi harrotuarekin batera, ezta gorde ere hurrengo egunerako nire festan eskainitako abereen gantzak.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 23