Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 23:21-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Izan begirune berari eta ibili haren esanera; ez jarri aurka, ez baitizue desobeditzerik jasango, nire izenean ari denez.

22. Nire esana egiten baduzue, ordea, eta nik agindu guztia betetzen, zeuen etsaien etsai eta aurkakoen aurkako izango nauzue.

23. «Nire aingerua joango zaizue gidari, eta amortar, hitita, periztar, kanaandar, hibiar eta jebustarren lurraldera eramango zaituzte: herri guztiok desegingo ditut.

24. Ez jokatu haiek bezala; ez ahuspeztu haien jainkoen aurrean, ezta gurtu ere; aitzitik, erabat suntsitu eta xehatuko dituzue haien zutarri sakratuak.

25. «Gurtu ni, Jauna, zeuen Jainkoa, eta zuen ogia eta ura bedeinkatuko ditut eta gaixotasuna zuengandik aldenduko;

26. ez da zuen herrian emakume agorrik izango, ezta umea galduko duenik ere; zuetako inor ez da garaia baino lehen hilko.

27. «Neure izu-ikara hedatuko dut eta nahasmendua sortuko herrietan zuek haietan sartzean, eta zuen etsai guztiak ihesi jarriko.

28. Liztortzarrak bidaliko dizkizuet aurretik, hibiar, kanaandar eta hititak uxa ditzaten.

29. «Ez ditut, hala ere, urte bakar batean botako, herrialde haiek eremu bihurtu eta basapiztiak ugal ez daitezen zuen kalterako.

30. Ezari-ezarian botako ditut zuen aurretik, lurralde hartaz jabetzeko adina zuek ugaldu arte.

31. «Zuen lurraldea Itsaso Gorritik Mediterraneoraino hedatuko dut, eta Sinai basamortutik Eufrates ibairaino. Lurralde hartako biztanleak eskumende jarriko dizkizuet, eta zuek bota egingo dituzue.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 23