Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 23:13-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. «Bete nik esandako guztia; ez diezue beste jainkoei otoitz egingo, ez aipatuko ere haien izenik.

14. «Ospatu hiru jai urtean nire omenez.

15. «Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia; nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik. Ez da inor nire aurrera esku-hutsik azalduko.

16. «Halaber, ospatu uzta-jaia, soroan erein duzuenaren lehen fruituena; baita urteburuko uzta-biltzearena ere, zeuen soroetako lanaren fruituak biltzen dituzuenekoa.

17. «Beraz, urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jainko Jaunaren aurrera.

18. «Ez eskaini sakrifizioetako abere-odolik ogi harrotuarekin batera, ezta gorde ere hurrengo egunerako nire festan eskainitako abereen gantzak.

19. «Eraman zeuen lurreko lehen fruituak Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxera.«Ez egosi antxumerik bere amaren esnetan.

20. «Hara, neure aingerua bidaltzen dizuet gidari, bidean zain zaitzaten eta prestatu dizuedan lekura eraman.

21. Izan begirune berari eta ibili haren esanera; ez jarri aurka, ez baitizue desobeditzerik jasango, nire izenean ari denez.

22. Nire esana egiten baduzue, ordea, eta nik agindu guztia betetzen, zeuen etsaien etsai eta aurkakoen aurkako izango nauzue.

23. «Nire aingerua joango zaizue gidari, eta amortar, hitita, periztar, kanaandar, hibiar eta jebustarren lurraldera eramango zaituzte: herri guztiok desegingo ditut.

24. Ez jokatu haiek bezala; ez ahuspeztu haien jainkoen aurrean, ezta gurtu ere; aitzitik, erabat suntsitu eta xehatuko dituzue haien zutarri sakratuak.

25. «Gurtu ni, Jauna, zeuen Jainkoa, eta zuen ogia eta ura bedeinkatuko ditut eta gaixotasuna zuengandik aldenduko;

26. ez da zuen herrian emakume agorrik izango, ezta umea galduko duenik ere; zuetako inor ez da garaia baino lehen hilko.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 23