Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 22:11-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Baina bere begi-bistan ostu badiote, ordaindu egin beharko dio jabeari.

12. Piztiaren batek sarraskitu badu, hala gertatu delakoaren frogak aurkeztuko ditu, eta ez du ordaindu beharrik izango.

13. «Norbaitek beste bati aberea uzteko eskatu, eta aberea zauritua edo hila gertatzen bada, jabea bertan ez bazen, ordaindu egin beharko dio kaltea;

14. jabea bertan bazen, berriz, ez du ordaindu beharrik izango. Baldin aberea alokatua badu, alokairu-saria bakarrik emango dio».

15. «Ezkontza-hitza eman gabeko neskatxa norbaitek liluratzen badu eta harekin oheratzen, dotea eman eta emaztetzat hartu beharko du.

16. Neskatxaren aitak emaztetzat eman nahi ez badio, berriz, neska birjinei dagokien dotea eman beharko du.

17. «Ez utzi sorginik bizirik.

18. «Abereekin haragizko bekatua egiten duenak heriotza-zigorra izango du.

19. «Jauna ez beste jainkoren bati sakrifizioak eskaintzen dizkiona erabat suntsitua izango da.

20. «Ez zurrupatu, ez zapaldu etorkinak, zuek ere etorkin izan baitzarete Egipton.

21. «Ez erabili gaizki alarguntsak eta umezurtzak;

22. zeren, gaizki erabiltzen badituzue, haiek niregana laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo baitiet:

23. haserre bizitan jarriko naiz eta gerraz hilko zaituztet; orduan, zuen emazteak bihurtuko dira alargun eta zuen seme-alabak umezurtz.

24. «Zuekin bizi den nire herriko dohakaberen bati dirua maileguz ematen badiozue, ez izan zeken berarekin, ez ezarri interesik.

25. «Soingainekoa hartzen badiozue bahituran, itzuli eguzkia sartzerako,

26. ez baitu hori beste estalkirik. Zerekin babestuko da, bestela, etzaterakoan? Laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo diot, errukiorra bainaiz ni.

27. «Ez iraindu Jainkoa, ezta madarikatu herriko buruzagia ere.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 22