Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 18:2-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Jetrok, Moisesen aitaginarrebak, etxean jasoak zituen Moisesek bere ondotik bidali zituen Tzipora emaztea

3. eta bi semeak. Hauetako bati Gerxom —hau da, «Etorkin hemen»— zeritzon, Moisesek esan zuenagatik: «Etorkin bilakatu naiz lurralde arrotzean»;

4. besteari Eliezer —hau da, «Nire Jainkoa lagun»— zeritzon, honela esan baitzuen Moisesek: «Nire aitaren Jainkoa laguntzera etorri zait eta faraoiaren ezpatatik libratu nau».

5. Jetro aitaginarreba Moisesengana joan zen honen emazte eta semeekin, basamortuan kanpatua zegoen tokira, Jainkoaren mendira.

6. Mandatu hau bidali zion Moisesi: «Neu, zure aitaginarreba Jetro, nator zu ikustera, zeure emazte eta semeekin».

7. Moises bere aitaginarrebari bidera atera zitzaion, eta, ahuspezturik, besarkatu egin zuen; elkar agurtu ondoren, oihal-etxolan sartu ziren.

8. Moisesek Jetrori kontatu zion Jaunak faraoiaren eta egiptoarren bizkarretik Israelen alde egin zuen guztia, bidean izan zituzten eragozpenak, eta nola libratu zituen Jaunak guztiotatik.

9. Jetro poztu egin zen, egiptoarren eskuetatik libratuz Jainkoak israeldarrei egin zien on guztiarengatik,

10. eta esan zion: «Bedeinkatua Jauna, faraoiaren eta egiptoarren eskuetatik libratu zaituena!

11. Orain bai, badakit jainko guztien aldean handia dela Jauna, egiptoarrek herria harrokeriaz erabili zutelarik, haien menpetik libratu baitu».

12. Moisesen aitaginarreba Jetrok erre-opari eta sakrifizioak eskaini zizkion Jainkoari. Gero, Aaron eta Israelgo arduradun guztiek otordua egin zuten Moisesen aitaginarrebarekin Jainkoaren aurrean.

13. Biharamunean, Moises herriaren auziak erabakitzera eseri zen; jendea zutik zegoen haren aurrean goizetik arratsera.

14. Moises herriarekin egiten ari zena ikusirik, aitaginarrebak galdegin zion:—Zer ari zara egiten herriarekin? Nola ari zara zeu bakarrik epaitzen, jendea egun osoan zutik egotera behartuz?

15. Moisesek erantzun zion:—Herria niregana dator, Jainkoaren nahia ezagutzeko.

16. Elkarren arteko arazoren bat dutenean, niregana jotzen dute, eta nik erabakia ematen diet eta Jainkoaren arauak eta legeak ezagutarazten.

17. Honela ohartarazi zion aitaginarrebak:—Zure jokaera ez da egokia.

18. Leher eginak geldituko zarete, bai zeu, bai zeurekin duzun herria, astunegia baita zeregin hau zeuk bakarrik bete ahal izateko.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 18