Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 18:11-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Orain bai, badakit jainko guztien aldean handia dela Jauna, egiptoarrek herria harrokeriaz erabili zutelarik, haien menpetik libratu baitu».

12. Moisesen aitaginarreba Jetrok erre-opari eta sakrifizioak eskaini zizkion Jainkoari. Gero, Aaron eta Israelgo arduradun guztiek otordua egin zuten Moisesen aitaginarrebarekin Jainkoaren aurrean.

13. Biharamunean, Moises herriaren auziak erabakitzera eseri zen; jendea zutik zegoen haren aurrean goizetik arratsera.

14. Moises herriarekin egiten ari zena ikusirik, aitaginarrebak galdegin zion:—Zer ari zara egiten herriarekin? Nola ari zara zeu bakarrik epaitzen, jendea egun osoan zutik egotera behartuz?

15. Moisesek erantzun zion:—Herria niregana dator, Jainkoaren nahia ezagutzeko.

16. Elkarren arteko arazoren bat dutenean, niregana jotzen dute, eta nik erabakia ematen diet eta Jainkoaren arauak eta legeak ezagutarazten.

17. Honela ohartarazi zion aitaginarrebak:—Zure jokaera ez da egokia.

18. Leher eginak geldituko zarete, bai zeu, bai zeurekin duzun herria, astunegia baita zeregin hau zeuk bakarrik bete ahal izateko.

19. Onar ezazu, bada, nire aholkua, eta izan dezazula lagun Jainkoa! Zu herriaren ordezkari zara Jainkoaren aurrean eta herriaren arazoak aurkeztu behar dizkiozu berari;

20. jendeari, berriz, arauak eta legeak irakatsi eta nola bizi eta jokatu behar duten jakinarazi.

21. Gainerakoetarako, bereiz itzazu herri osoaren artetik gizon iaioak, Jainkoari begirune diotenak, fidagarriak eta eskupeko-zale ez direnak, eta ezarri mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarreko taldeen buru.

22. Hauek epaituko dute herria aldi oro; arazo nagusienak zeuri ekarriko dizkizute, baina garrantzi gutxiagokoak beraiek erabakiko dituzte. Honela, zama arinduko dizute eta eramaten lagunduko.

23. Hala jokatzen baduzu eta Jainkoak hala nahi badu, eutsi ahal izango diozu zeure egitekoari eta jende guztia bakean itzuliko da nor bere txokora.

24. Onartu zuen Moisesek bere aitaginarrebaren aholkua eta haren esanaren arabera egin zuen:

Irakurri kapitulu osoa Irteera 18