Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 14:8-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia eta honek eraso egin zien israeldarrei, hauek libre ateratzen ziren bitartean.

9. Egiptoarrak israeldarrei erasotzera atera ziren beren zaldi, gurdi, zaldun eta gudaroste osoaz, eta itsasbazterrean harrapatu zituzten, Pi-Hiroten ondoan, Baal-Tzefonen parean.

10. Faraoia hurbil zen. Israeldarrak, egiptoarrak atzean zituztela ohartzean, izutu eta oihuka hasi zitzaizkion Jaunari.

11. Moisesi esan zioten:—Ez ote zegoen hilobirik aski Egipton, gu handik atera eta basamortuan hiltzera ekartzeko? Zergatik atera gaituzu Egiptotik?

12. Hain zuzen, hauxe eskatu genizun Egipton geundela: «Utzi egiptoarrentzat lanean jarraitzen. Hobe dugu hemen esklabo izan, basamortuan hil baino».

13. Baina Moisesek erantzun zien:—Ez izan beldur! Eutsi eta ikusiko duzue nola salbatzen gaituen gaur Jaunak: zeren orain ikusten dituzuen egiptoarrak ez dituzue gaurgero ikusiko.

14. Jauna borrokatuko da zuen alde. Zuek egon lasai!

15. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Zergatik ari zatzaizkit oihuka? Agindu israeldarrei egiteko aurrera.

16. Eta zuk altxa makila eta luzatu eskua itsaso gainera: banatu egingo da itsasoa eta herriak oinak busti gabe zeharkatuko du.

17. Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak eta atzetik segituko dizuete; orduan agertuko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, haien gurdi eta zaldunen kontura.

18. Hori gertatzean, jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna».

19. Israeldarren kanpamendu aurretik zihoan Jainkoaren aingerua atzealdera pasatu zen; laino-adarra ere lekuz aldatu eta atzealdean kokatu zen,

20. israeldarren eta egiptoarren kanpamenduen tartean jarriz. Lainoa ilunpe bihurtu zen egiptoarrentzat, israeldarrei gaua argitzen zien bitartean; hala, ez ziren batzuek besteengana hurbildu.

21. Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera eta, Jaunak eraginda, ekialdeko haize indartsuak jo zuen gau osoan. Haizeak itsasoa lehortu egin zuen, urak bi multzotan banatuz.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 14