Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 14:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Agindu israeldarrei itzultzeko eta Pi-Hiroten aurrean kokatzeko, Migdol eta itsasoaren artean, hau da, Baal-Tzefonen parean, itsasertzean.

3. Faraoiak uste izango du basamortuak bidea ixten diela eta israeldarrak noraezean dabiltzala.

4. Nik setatsu bihurtuko dut faraoia eta eraso egingo dizue; orduan erakutsiko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, eta horrela jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna».Hala egin zuten israeldarrek.

5. Bitartean, israeldarrek ihes egin zutela Egiptoko erregeari jakinarazi ziotenean, faraoiak eta funtzionarioek, israeldarrekiko erabakiaz damuturik, honela ziotsoten elkarri: «Baina zer egin dugu? Nola utzi diegu geure esklabo israeldarrei alde egiten?»

6. Berehala, faraoiak bere guda-gurdia prestarazi zuen eta gudarostea bildu:

7. seiehun guda-gurdi berezi eta Egiptoko guda-gurdi guztiak eraman zituen, bakoitzean gudalburu bat zihoala.

8. Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia eta honek eraso egin zien israeldarrei, hauek libre ateratzen ziren bitartean.

9. Egiptoarrak israeldarrei erasotzera atera ziren beren zaldi, gurdi, zaldun eta gudaroste osoaz, eta itsasbazterrean harrapatu zituzten, Pi-Hiroten ondoan, Baal-Tzefonen parean.

10. Faraoia hurbil zen. Israeldarrak, egiptoarrak atzean zituztela ohartzean, izutu eta oihuka hasi zitzaizkion Jaunari.

11. Moisesi esan zioten:—Ez ote zegoen hilobirik aski Egipton, gu handik atera eta basamortuan hiltzera ekartzeko? Zergatik atera gaituzu Egiptotik?

12. Hain zuzen, hauxe eskatu genizun Egipton geundela: «Utzi egiptoarrentzat lanean jarraitzen. Hobe dugu hemen esklabo izan, basamortuan hil baino».

13. Baina Moisesek erantzun zien:—Ez izan beldur! Eutsi eta ikusiko duzue nola salbatzen gaituen gaur Jaunak: zeren orain ikusten dituzuen egiptoarrak ez dituzue gaurgero ikusiko.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 14