Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 12:32-44 Elizen Arteko Biblia (EAB)

32. Eraman abere-taldeak, zeuek esan bezala, eta alde egizue. Agur nazazue eta zoazte.

33. Denak hilko zirelakoaren beldurrez, presa eman zieten egiptoarrek israeldarrei, ahalik eta lasterren abia zitezen beren lurraldetik.

34. Israeldarrek oraindik legamiaz altxatu gabeko orea hartu eta, oramahai eta guzti estalkietan bildurik, bizkarrean hartu zuten.

35. Gainera, Moisesen esanera, urrezko eta zilarrezko bitxiak eta arropak eskatu zizkieten egiptoarrei.

36. Jaunari esker, egiptoarren abegi ona irabazi zuten eta eskatu guztia eman zieten egiptoarrek. Honela kendu zizkieten egiptoarrei beren ondasunak.

37. Israeldarrek Ramsesetik Sukoterako bidea egin zuten. Seiehun milaren bat gizon oinezko ziren, emakumeak eta haurrak kontuan hartu gabe.

38. Haiekin batera, berealdiko jende-multzoa zihoan, baita abere-talde handiak ere.

39. Egiptotik bota zituztenez gero, ez zuten biderakoak prestatzeko betarik izan; beraz, Egiptotik atera zuten altxatu gabeko orez legamia gabeko opilak egin zituzten.

40. Laurehun eta hogeita hamar urtez bizi izan ziren israeldarrak Egipton;

41. aldi hau bete zen egun berean, hain zuzen, atera zen lurralde hartatik Jaunaren herria, gudaroste baten gisa.

42. Gau horretan jagole egon zen Jauna haiek Egiptotik ateratzeko. Horregatik, Jaunaren omenez, israeldarrek erne egon behar dute gau horretan, beila eginez, belaunez belaun.

43. Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:«Hau da Pazko-jaiaren araudia:«Inongo atzerritarrak ezin izango du oparigairik jan.

44. «Erositako esklaboak, erdaindu eta gero, jan ahal izango du.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 12