Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 12:21-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Dei egin zien Moisesek Israelgo herri-arduradunei eta esan: «Hartzazue zeuen familietarako abere xehe bana eta hil, Pazkoa ospatzeko.

22. Bildu odola ontzi batean eta, isipu-sorta bertan bustirik, zirtatu zeuen etxeko ate-gainak eta alboak. Ez bedi inor etxetik irten hurrengo goiza arte.

23. «Jauna igaroko da egiptoarrak hilez; baina, zuen ateen gain-alboetan odola ikustean, aurrera egingo du. Horrela, ez dio suntsitzaileari zuen etxeetan sartzen utziko, zuek hiltzera.

24. Hau guztia lege-indarrez gordeko duzue beti, bai zeuek, bai zuen ondorengoek.

25. Ohikune hau ospatzen jarraituko duzue, Jaunak, bere hitza betez, emango dizuen lurraldean sartzen zaretenean.

26. Orduan, seme-alabek ohikune horren esanahiaz galdegitean,

27. hau erantzungo diezue: Jaunaren omenez dagigun Pazko-sakrifizioa da, zeren, egiptoarrak hil zituen hartan, Egipton bizi ziren israeldarren etxe parean aurrera igaro baitzen Jauna, gure familiak libratuz».Orduan, israeldarrak ahuspeztu egin ziren, Jauna gurtzeko.

28. Gero, joan eta Jaunak agindutako dena zehatz-mehatz bete zuten Moisesek eta Aaronek.

29. Gauerdian Jaunak egiptoar lehen-semeak oro hil zituen, errege-aulkian esertzen den faraoiaren lehen-semetik hasi eta kartzelan preso dagoenaren lehen-semeraino, baita lehen abere-kumeak oro ere.

30. Gaua zelarik altxatu ziren ohetik faraoia, funtzionarioak eta egiptoar guztiak. Garrasi latzak izan ziren Egipto osoan, ez baitzen hildakorik gabeko etxerik.

31. Gau berean faraoiak Moisesi eta Aaroni dei egin eta esan zien:—Irten nire herritik zuek biok eta israeldar guztiak. Zoazte Jauna gurtzera, esan duzuen bezala.

32. Eraman abere-taldeak, zeuek esan bezala, eta alde egizue. Agur nazazue eta zoazte.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 12