Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 12:11-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Honela jango duzue: gerrikoa loturik, oinetakoak jantzirik eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango duzue, Jaunaren Pazkoa baita.

12. Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naiz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen-seme eta lehen abere-kumeak oro eta neure epaia emango diet Egiptoko jainkoei. Ala ni Jauna!

13. «Odola izango duzue ezaugarri etxeetan. Odola ikustean, aurrera egingo dut; horrela, nik egiptoarrak jotzean, izurriak ez zaituzte zuek suntsituko.

14. «Egun hau gogoangarri izango duzue eta, Jaunaren ohorez, festa nagusiz ospatuko. Festa hau lege-indarrez ezarriko duzue belaunez belaun.

15. «Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue; beraz, lehenengo egunetik ez duzue legamiarik izango etxean. Zazpi egun horietan legamiadun ogia jango duen oro Israel herritik bota egingo dute.

16. Lehenengo egunean bezala azkenekoan batzar sakratua izango duzue. Egun horietan ez duzue lanik egingo, bazkaria prestatzeko ez bada.

17. Gorde, bada, Legamia gabeko Ogien Jai hau, egun horretantxe aterako baitzaituztet Egipto lurraldetik gudaroste baten gisan. Lege-indarrez gordearaziko duzue jai hau belaunez belaun betiko.

18. Lehen hilaren hamalauko arratsaldetik hogeita bateko arratsalde arte legamia gabeko ogia jango duzue.

19. Zazpi egun horietan ez duzue legamiarik izango etxean, zeren legamiadun ogia jango duen oro, etorkina nahiz bertakoa izan, israeldarren elkartetik bota egingo baitute.

20. Ez ezazue, beraz, ezer legamiadunik jan. Nonahi bizi zaretelarik, legamia gabeko ogia jango duzue».

21. Dei egin zien Moisesek Israelgo herri-arduradunei eta esan: «Hartzazue zeuen familietarako abere xehe bana eta hil, Pazkoa ospatzeko.

22. Bildu odola ontzi batean eta, isipu-sorta bertan bustirik, zirtatu zeuen etxeko ate-gainak eta alboak. Ez bedi inor etxetik irten hurrengo goiza arte.

23. «Jauna igaroko da egiptoarrak hilez; baina, zuen ateen gain-alboetan odola ikustean, aurrera egingo du. Horrela, ez dio suntsitzaileari zuen etxeetan sartzen utziko, zuek hiltzera.

24. Hau guztia lege-indarrez gordeko duzue beti, bai zeuek, bai zuen ondorengoek.

25. Ohikune hau ospatzen jarraituko duzue, Jaunak, bere hitza betez, emango dizuen lurraldean sartzen zaretenean.

26. Orduan, seme-alabek ohikune horren esanahiaz galdegitean,

Irakurri kapitulu osoa Irteera 12