Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 12:1-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni Egipton:

2. «Hilabete hau izango duzue hil nagusia, urte guztiko lehenengoa.

3. Horrela aginduko diozu israeldarren elkarteari: Hil honen hamarrean har beza bakoitzak familia eta etxe bakoitzeko abere xehe bana.

4. Abere osoa jateko familia aski ez bada, aldameneko bizilagunekin elkartuko da, bakoitzak jan dezakeenaren arabera zenbat jende behar den kontuan harturik.

5. Abereak urte batekoa beharko du izan, arra eta akats gabea, arkume nahiz antxume.

6. Hilaren hamalaua arte gordeko duzue, eta egun horretan, ilunabarrean, israeldarren elkartekide guztiek hilko dute.

7. Gero, abere-odola hartu eta aberea jango duzuen etxeko ate-gainak eta alboak odoleztatuko dituzue.

8. Gau horretan sutan erreta jango duzue okela, legamia gabeko ogiz eta belar mingotsez lagundurik.

9. Ez duzue ezer gordinik edo egosirik jango, dena sutan errea baizik: buru, hanka eta tripaki.

10. Ez utzi ezer biharamunerako; erre geldituko diren kondarrak.

11. Honela jango duzue: gerrikoa loturik, oinetakoak jantzirik eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango duzue, Jaunaren Pazkoa baita.

12. Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naiz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen-seme eta lehen abere-kumeak oro eta neure epaia emango diet Egiptoko jainkoei. Ala ni Jauna!

13. «Odola izango duzue ezaugarri etxeetan. Odola ikustean, aurrera egingo dut; horrela, nik egiptoarrak jotzean, izurriak ez zaituzte zuek suntsituko.

14. «Egun hau gogoangarri izango duzue eta, Jaunaren ohorez, festa nagusiz ospatuko. Festa hau lege-indarrez ezarriko duzue belaunez belaun.

15. «Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue; beraz, lehenengo egunetik ez duzue legamiarik izango etxean. Zazpi egun horietan legamiadun ogia jango duen oro Israel herritik bota egingo dute.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 12