Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 50:12-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Jakoben semeek aitak agindu bezala egin zuten.

13. Kanaanera eraman eta Makpela soroko harpean ehortzi zuten, Abrahamek Efron hititari, soroarekin batera, hilobitarako erosi zion harpean, Mambre parean.

14. Aita ehortzi ondoren, Egiptora itzuli zen Jose, bere anaiekin eta aita ehorztera joan ziren guztiekin.

15. Aita hil ondoren, honela ziotsoten elkarri Joseren anaiek: «Beharbada, Josek begitan hartuko gaitu eta egin genion kaltearen ordaina itzuliko digu».

16. Beraz, mandatu hau helarazi zioten: «Gure aitak hil aurretik agindu digu,

17. zuri hau esateko: “Barkatu, mesedez, zure senideen hobena eta bekatua; kalte egin dizute, bai, baina orain barkatu beraien hobena zure aitaren Jainkoaren zerbitzari hauei”».Hau entzutean, negar egin zuen Josek.

18. Gero, anaiek, berarengana joan eta lurreraino ahuspezturik, esan zioten:— Zure esklabo gaituzu.

19. Josek erantzun zien:—Ez izan beldur! Jainkoa ote naiz, bada, ni?

20. Egin nahi izan zenidaten kaltea Jainkoak on bihurtu du, jende asko salbatuz, gaur egun gertatzen den bezala.

21. Beraz, ez izan beldur! Neuk emango dizuet jaten zeuei eta zeuen seme-alabei.Honela lasaitu zituen Josek, hunkigarriro mintzatuz.

22. Josek eta bere aitaren familiakoek Egipton bizitzen jarraitu zuten. Ehun eta hamar urte bizi izan zen Jose,

23. eta Efraimen semeen semeak ezagutzera iritsi zen. Manasesen seme Makirren semeak ere bere semetzat hartu ahal izan zituen.

24. Azkenik, honela mintzatu zitzaien Jose bere senideei: «Laster hilko naiz ni; baina Jainkoak zuen alde esku hartuko du eta lurralde honetatik eramango zaituzte, Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez hitzemandako lurraldera».

25. Era berean, zin eragin zien, esanez: «Jainkoak zuen alde esku hartuko duenean, eraman hemendik nire hezurrak».

26. Ehun eta hamar urte zituela hil zen Jose. Baltsamatu eta hilkutxan ezarri zuten Egipton.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 50