Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 50:1-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Josek bere burua aitaren gainera bota zuen eta negarrez musukatu.

2. Gero, bere zerbitzuko sendagileei aitaren gorpua baltsamatzeko agindu zien. Hala egin zuten haiek.

3. Berrogei egun eman zituzten zeregin horretan, horrenbeste egun behar baitira gantzuketarako.Egiptoarrek dolu egin zuten hirurogeita hamar egunez.

4. Dolu-egunak amaitu zirenean, honela mintzatu zitzaien Jose faraoiaren jauregikoei: «Gogoko banauzue, esaiozue, arren, faraoiari:

5. Aitak zin eragin dit, bera hiltzean, Kanaan lurraldean duen hilobian ehortziko dudala. Emadazu orain aita ehorztera joateko baimena; itzuliko naiz gero».

6. Faraoiak erantzun zion: «Zoaz eta ehortzi aita, zin egin diozun bezala».

7. Jose bere aita ehorztera joan zen. Harekin batera joan ziren faraoiaren funtzionario guztiak, jauregiko eta Egipto osoko handiki guztiak;

8. baita Joseren etxeko guztiak ere, senideak eta aitaren familiakoak. Haurrak eta abereak besterik ez zuten utzi Goxen eskualdean.

9. Gurdi eta zaldunak ere bazihoazen. Berealdiko multzoa osatzen zuten!

10. Jordanez beste aldera dagoen Goren-Atadera iristean, hileta handi eta ospetsuak egin zituzten. Josek zazpi eguneko dolua egin zion aitari.

11. Goren-Atadeko dolua ikustean, bertakoek, kanaandarrek, esaten zuten: «Egiptoarren dolu hau bai dela ospetsua!» Horregatik, Jordanez beste aldeko leku hari Abel-Mitzraim —hau da, «Egiptoarren dolu»— eman zioten izena.

12. Jakoben semeek aitak agindu bezala egin zuten.

13. Kanaanera eraman eta Makpela soroko harpean ehortzi zuten, Abrahamek Efron hititari, soroarekin batera, hilobitarako erosi zion harpean, Mambre parean.

14. Aita ehortzi ondoren, Egiptora itzuli zen Jose, bere anaiekin eta aita ehorztera joan ziren guztiekin.

15. Aita hil ondoren, honela ziotsoten elkarri Joseren anaiek: «Beharbada, Josek begitan hartuko gaitu eta egin genion kaltearen ordaina itzuliko digu».

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 50