Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 41:23-34 Elizen Arteko Biblia (EAB)

23. Ondoren, beste zazpi galburu erne ziren: zimel, mehar eta haize erreak ihartuak.

24. Zazpi galburu mehar hauek irentsi egin zituzten beste zazpi eder haiek. Azaldu dizkiet aztiei ametsok, baina ezin izan dit inork berorien esanahia adierazi».

25. Josek esan zion faraoiari: «Bat bera dira, faraoi jauna, zure ametsak: Jainkoak zer egingo duen jakinarazten dizu.

26. Zazpi behi ederrak zazpi urte dira, zazpi galburu ederrak bezalaxe, bat bera baita bi ametsen esanahia.

27. Hauen ondoren etorritako zazpi behi eskas eta argalak ere zazpi urte dira, eta zazpi galburu mehar eta haize erreak ihartuak beste zazpi urte: zazpi gose-urte.

28. Esaten dizudan honetan, faraoi jauna, Jainkoak zer egingo duen jakinarazi dizu.

29. Begira, zazpi urtetan asetasun handia izango da Egipto lurralde osoan.

30. Ondoren, beste zazpi urte etorriko dira: aurreko asetasunaren aztarnarik ere ez da geldituko, goseak jota utziko baitu lurraldea.

31. Aurrerantzean, asetasuna zer denik ere ez da jakingo ondoren etorriko den goseteagatik, hain larria izango baita.

32. Eta amets bat bera behin eta birritan egiteak, Jaunak erabakia duela eta betetzeko prest dagoela adierazten du.

33. Orain, beraz, faraoi jauna, hauta ezazu gizon argi eta jakintsua, eta emaiozu aginpidea Egipto guztiaren gain.

34. Ezar itzazu gainbegiraleak, zazpi urteko asealdian lurreko emaitzetatik bosteko baten zerga bil dezaten.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 41