Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 41:1-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Handik bi urtera, amets bat izan zuen faraoiak.

2. Nilo ibai ondoan zegoela, Nilotik atera eta ibaiertzean larrean hasi ziren zazpi behi ikusi zituen, itxura ederrekoak eta guriak.

3. Ondoren, beste zazpi behi irten ziren Nilotik, itxura txarrekoak eta argalak, eta beste behien ondoan jarri ziren, ibaiertzean.

4. Itxura txarreko eta argal hauek irentsi egin zituzten beste eder eta guri haiek. Une horretan, esnatu egin zen faraoia.

5. Berriro lokartu eta amets egin zuen. Gerri beretik, zazpi galburu aletsu eta mardul sortu ziren;

6. ondoren, beste zazpi galburu mehar sortu ziren, haize erreak ihartuak.

7. Zazpi galburu meharrok irentsi egin zituzten beste aletsu eta bete haiek. Une horretan esnatu eta ametsa izan zela ohartu zen faraoia.

8. Eguna zabaldu zuenean, oso urduri zegoen faraoia eta, Egiptoko azti eta jakintsu guztiei deiturik, ametsa kontatu zien. Baina inor ez zen gauza izan faraoiaren ametsak argitzeko.

9. Orduan, edarizainen arduraduna mintzatu zitzaion, esanez: «Gaur datorkit burura neure errua.

10. Faraoi jauna, okin-arduraduna eta bion aurka haserretu zinen hartan, guardiaburuaren kartzelara eraman gintuzun.

11. Gau batean, amets egin genuen biok, bakoitzaren ametsa bere esanahi bereziarekin.

12. Bazen han gurekin hebrear gazte bat, guardiaburuaren esklaboa. Kontatu genizkion geure ametsak, eta hark bakoitzaren esanahia argitu zigun.

13. Eta gertatu ere, berak eman zigun argibidearen arabera gertatu zitzaigun: ni neure karguan ezarri ninduzun berriro; bestea, aldiz, urkatu».

14. Faraoiak Joseren bila joateko agindu zuen eta berehala kartzelatik atera zuten. Bizarra moztu, arropak aldatu eta faraoiagana eraman zuten.

15. Honek esan zion:—Amets bat izan dut, eta ez dut inor aurkitu esanahia argitzeko gauza denik. Ametsa entzun orduko, ba omen dakizu zuk haren esanahia.

16. Josek ihardetsi zion:—Nik ez, faraoi jauna; Jainkoak berak emango dizu erantzuna zeure onerako.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 41