Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 31:23-43 Elizen Arteko Biblia (EAB)

23. Hartu zituen Labanek berekin bere ahaideak eta, zazpi egunez Jakoben atzetik ibili ondoren, Galaadeko mendian harrapatu zuen.

24. Jainkoa ametsetan azaldu zitzaion Laban aramearrari, esanez: «Ez, gero, esan ezertxo ere Jakobi».

25. Labanek atzeman zuenean, Jakob mendian zegoen kanpaturik. Laban ere bere ahaideekin Galaadeko mendi berean kanpatu zen.

26. Labanek esan zion Jakobi:—Zer egin duzu? Engainatu egin nauzu eta nire alabak guda-gatibu bailiran ekarri.

27. Zergatik alde egin duzu isilka eta engainuz, niri ohartarazi beharrean? Pozez eta kantuz agurtuko zintudan danbolina eta zitara joz!

28. Ez didazu neure alaba-bilobak besarkatzen utzi; oso ergel jokatu duzu.

29. Badut zuri kalte egiteko ahalbiderik, baina zuen arbasoen Jainkoak esan dit bart: «Ez, gero, esan ezertxo ere Jakobi».

30. Aitaren etxera joateko irrikaz zeundela eta, zuk alde egitea, tira; baina zergatik lapurtu dizkidazu etxe-jainkoen irudiak?

31. Jakobek erantzun zion Labani:—Beldur nintzelako egin dut ihes, zeure alabak kendu egingo zenizkidala uste nuen eta.

32. Zure etxe-jainkoen irudiei dagokienez, gutariko norbaiti aurkituko bazenizkio, hil egingo nuke halakoa. Begira gure ahaideen aurrean, gure ondasunen artean zurerik ba ote dagoen; hala balitz, hartu.Jakobek ez zekien Rakelek jainko-irudiak lapurtu zituenik.

33. Sartu zen Laban Jakoben oihal-etxolan, ondoren Learenean, gero beste bi mirabeenean, eta ez zuen ezer aurkitu. Atera zen Learen oihal-etxolatik eta Rakelenean sartu.

34. Baina Rakelek hartuak zituen ordurako etxe-jainkoen irudiak eta gameluaren txalman ezarriak. Bera gainean zegoen eseria. Labanek oihal-etxola guztia arakatu zuen, baina ez zuen ezer aurkitu.

35. Rakelek esan zion aitari: «Ez zaitez haserretu, ene jauna, zure aurrean jaikitzen ez banaiz, hilerokoarekin bainago».Dena zehatz-mehatz arakatu arren, ez zituen etxe-jainkoen irudiak aurkitu.

36. Haserre jarri zen Jakob, eta Labani errieta egin zion, ozenki esanez:—Zertan huts egin dut? Zein hoben egin dut zure aurka, niri halako amorruz erasotzeko?

37. Nire ondasunak arakatzean, aurkitu al duzu ezer zeure etxeko gauzetarik? Hala bada, ekarri hona, nire eta zure ahaideen aurrera, eta erabaki dezatela hauek nork duen arrazoi!

38. Hogei urte hauetan zeurekin izan nauzu; inoiz ere ez dute umerik galdu, ez ardiek, ez ahuntzek. Ez dut jan zure aharirik bat ere.

39. Piztiek sarraskituriko abererik ez dizut ekarri: neuk ordaintzen nuen galera; zuk, ordea, beti eskatu izan dizkidazu egunez nahiz gauez ebatsitako abereen kontuak.

40. Beroak jaten ninduen egunez eta hotzak gauez. Loa ihesi zihoakidan begietatik!

41. Halakoak izan ditut zurean iragan ditudan hogei urteak: hamalau urtez zerbitzatu zaitut zeure bi alabengatik, eta beste sei urtez abere-taldea izateko! Hamar aldiz aldatu didazu lansaria!

42. Ene aitaren Jainkoa, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainko izugarria, neure alde izan ez banu, esku-hutsik bidaliko nindukezun. Jainkoak, ordea, ikusi ditu nire atsekabea eta nire esku nekatuak, eta bart eman du erabakia.

43. Labanek erantzun zion Jakobi:—Alaba horiek neureak ditut, haur horiek neureak, abere-talde hori neurea; ikusten dituzun guztiok neureak ditut. Zer egin diezaieket gaur neure alaba hauei eta berauen haurrei?

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 31