Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 29:8-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Baina haiek erantzun zuten:—Ez dugu hori egiterik, abere-talde guztiak bildu arte; orduan mugituko dugu harria putzuko aho gainetik eta edaten emango.

9. Oraindik Jakob haiekin hizketan ari zela, Rakel iritsi zen aitaren ardiekin, artzain ibiltzen baitzen.

10. Jakobek, Rakel bere lehengusina eta Laban bere osabaren ardiak ikusi orduko, hurbildu eta putzu-ahoko harria mugiarazi zuen, eta bere osabaren ardiei edaten eman zien.

11. Gero, Jakobek besarkatu egin zuen Rakel eta negarrez hasi zen ozenki.

12. Rakeli adierazi zion beraren aitaren ahaidea zela, Rebekaren semea. Orduan, Rakel lasterka joan zen, aitari berri ematera.

13. Iloba Jakoben berri entzun zuenean, berehala joan zitzaion Laban. Hertsiki besarkatu zuen eta laztandu, eta etxera eraman. Jakobek gertatu zitzaion guztia kontatu zion.

14. Labanek esan zion: «Zinez neure odol berekoa zara».Eta harekin gelditu zen Jakob hilabete osoan.

15. Labanek esan zion Jakobi: «Nire ahaidea zarela eta, hutsaren truke egin behar al duzu lan niretzat? Esadazu zer ordaindu behar dizudan».

16. Labanek bi alaba zituen: nagusienari Lea zeritzon eta gazteenari Rakel.

17. Lea begirada samurrekoa zen; Rakel atsegina eta ederra.

18. Jakob Rakelez maitemindu zen, eta esan zion Labani:—Zazpi urtez egingo dut lan zuretzat Rakel zure alaba gazteenarekin ezkontzearren.

19. Labanek erantzun:—Nahiago dut zuri eman beste inori baino; zaude nirekin.

20. Jakobek zazpi urtez lan egin zuen Rakelengatik, eta, hain maite baitzuen, egun batzuk besterik ez zitzaizkion iruditu.

21. Epea bete zenean, esan zion Jakobek Labani: «Emadazu andregaia. Bete da epea eta berarekin ezkondu nahi nuke».

22. Orduan, Labanek auzoko guztiak ezteietara gonbidatu zituen.

23. Arratsean, ordea, bere alaba Lea hartu eta Jakobengana eraman zuen. Hala, Jakob Learekin elkartu zen.

24. Labanek Zilpa bere neskamea eman zion bere alaba Leari neskametzat.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 29