Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 29:27-35 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. Buka ezazu Learen eztei-astea eta, gero, Rakel ere emango dizut beste zazpi urteko lanaren truke.

28. Halaxe egin zuen Jakobek. Learekiko eztei-astea bukatu zuenean, Labanek bere alaba Rakel eman zion emaztetzat.

29. Labanek bere neskame Bilha eman zion Rakeli neskametzat.

30. Elkartu zen Jakob Rakelekin ere, eta Lea baino maiteago izan zuen. Beste zazpi urtez lan egin behar izan zuen Labanentzat.

31. Jaunak ernalkor bihurtu zuen Lea, ikusi baitzuen ez zuela Jakobek hain maite; Rakel, berriz, agorra zen.

32. Beraz, Leak, haurdun gelditurik, semea izan zuen; Ruben eman zion izen, hau esaten baitzuen: «Ikusi du Jaunak nire atsekabea; orain bai maiteko nauela nire senarrak».

33. Haurdun gelditu zen berriro Lea eta beste seme bat izan zuen. Hau zioen: «Egiaz Jauna ohartu da nire senarrak ez nauela maite eta beste hau ere eman dit». Eta Simeon eman zion izen.

34. Beste behin ere haurdun gertatu eta semea izan zuen. Esan zuen: «Oraingoan bai, neureganatuko dut senarra, hiru seme eman baitizkiot». Horregatik, Lebi eman zion izen.

35. Berriro ere haurdun jarri eta semea izan zuen. Esan zuen: «Oraingo honetan Jauna dut goretsiko». Horregatik, Juda eman zion izen.Eta ez zuen beste semerik izan.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 29