Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 27:4-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Ondoren, atondu iezadazu atsegin dudan erako jaki goxoa eta ekarri, jan dezadan. Gero, neure bedeinkazioa emango dizut, hil baino lehen.

5. Rebekak aditu zuen Isaakek bere seme Esauri esandakoa. Esau aitari eskaintzeko ehizaki bila oihanera joan orduko,

6. Rebekak bere seme Jakobi esan zion:—Begira, zure aitari entzun diot Esauri esaten:

7. «Ekarri ehizakia eta atondu jaki goxo bat, jan dezadan. Gero, Jaunaren aurrean bedeinkatuko zaitut, hil baino lehen».

8. Orain, seme, entzun eta egizu nire agindua:

9. Zoaz abere-taldera eta ekarri bi ahuntz guri, eta jaki goxoa prestatuko diot aitari, atsegin duen bezalakoa.

10. Zeuk eramango diozu jateko; horrela, zu bedeinkatuko zaitu hil aurretik.

11. Jakobek erantzun zion bere ama Rebekari:—Baina Esau iletsua da, eta ni azal leunekoa.

12. Baliteke, ni ukitu eta iruzur egiten diodala aita ohartzea. Orduan, bedeinkazioaren ordez madarikazioa erakarriko nuke neure gain.

13. Amak esan zion:—Betor niregana delako madarikazio hori. Egizu nire esana eta zoaz agindutakoa ekartzera.

14. Joan zen, bada, agindutakoa hartzera, eta amarengana itzuli zen. Honek jaki goxoa prestatu zuen, aitak atsegin zuen bezalakoa.

15. Rebekak, berehala, bere seme nagusi Esauren arropak, etxean zeuzkan arroparik dotoreenak, hartu eta Jakob bere seme gazteenari jantzarazi zizkion.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 27