Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 24:42-55 Elizen Arteko Biblia (EAB)

42. Beraz, gaur ur-putzura iristean, neurekiko esan dut: «Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, egiten ari naizen bidaiaren helburua lorrarazi nahi badidazu,

43. ur-putzu honen ondoan geldituko naiz; eta neskatxaren bat ura ateratzera datorrenean, hau esango diot: “Emadazu, arren, ur pixka bat zeure pegarretik”.

44. Hark erantzungo balit: “Edazu zeuk, eta zure gameluentzat ere aterako dut ura”, izan bedi hori, Jauna, nire nagusiaren semearentzat hautatu duzun emaztea».

45. «Nirekiko otoitza amaitu baino lehen, hona non azaldu den Rebeka, pegarra sorbaldan, eta ur-putzura jaitsi ura ateratzera. “Emadazu, arren, edaten”, esan diot.

46. Eraitsi du berehala pegarra sorbaldatik eta esan dit: “Edazu, eta emango diet edaten zure gameluei ere”. Edan dut nik eta eman die edaten nire gameluei ere.

47. Ondoren, galdegin diot: “Noren alaba zara?”. “Betuelena, Milka eta Nahorren semearena”, erantzun dit. Orduan, eraztuna ezarri diot sudurrean eta eskumuturrekoak.

48. Ahuspeztu eta Jauna gurtu dut. Bedeinkatu dut Jauna, neure nagusi Abrahamen Jainkoa, zuzeneko bidetik ekarri nauelako, haren semearentzat neure nagusiaren iloba emaztetzat hartzeko.

49. Orain, bada, esadazue nire nagusiarekiko onbera eta leial agertu nahi duzuen ala ez, nora jo jakin dezadan».

50. Labanek eta Betuelek erantzun zioten:— Jaunaren gauza da hau; ezin dizugu esan ez baietz, ez ezetz.

51. Horra, hor duzu aurrean Rebeka. Hartzazu eta zoaz. Izan bedi zure nagusiaren semearen emazte, Jaunak esan bezala.

52. Abrahamen morroia, hitzok entzun orduko, lurrean ahuspeztu zen, Jaunari eskerrak emanez.

53. Atera zituen zilarrezko eta urrezko bitxiak eta soinekoak, eta Rebekari eman zizkion. Honen nebari eta amari ere egin zizkien opariak.

54. Gero, morroia eta bidelagunak afaldu eta lotara joan ziren.Biharamun goizean, jaikitzean, morroiak esan zuen:—Uztazue neure nagusiagana itzultzen.

55. Rebekaren nebak eta amak esan zioten:—Bego oraindik neskatxa gurekin hamarren bat egun; gero joango zara.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 24