Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 24:38-49 Elizen Arteko Biblia (EAB)

38. Aitzitik, nire aitaren etxera, nire ahaideengana joango zara nire semearentzat emaztea hartzera».

39. Orduan, nagusiari esan nion: «Beharbada, neskak ez du nirekin etorri nahi izango».

40. Hark erantzun zidan: «Ni Jaunaren zerbitzuan bizi izan naiz beti eta hark bere aingerua bidaliko du zurekin; zure bidaiaren helburua lorraraziko dizu, eta nire semearentzat emaztea hartuko duzu nire ahaideen artetik, nire aitaren etxetik.

41. Nire ahaideengana joan ondoren, zin-hitzetik aske geldituko zara. Emaztea eman nahi ez badizute ere, zin-hitzetik aske geldituko zara».

42. Beraz, gaur ur-putzura iristean, neurekiko esan dut: «Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, egiten ari naizen bidaiaren helburua lorrarazi nahi badidazu,

43. ur-putzu honen ondoan geldituko naiz; eta neskatxaren bat ura ateratzera datorrenean, hau esango diot: “Emadazu, arren, ur pixka bat zeure pegarretik”.

44. Hark erantzungo balit: “Edazu zeuk, eta zure gameluentzat ere aterako dut ura”, izan bedi hori, Jauna, nire nagusiaren semearentzat hautatu duzun emaztea».

45. «Nirekiko otoitza amaitu baino lehen, hona non azaldu den Rebeka, pegarra sorbaldan, eta ur-putzura jaitsi ura ateratzera. “Emadazu, arren, edaten”, esan diot.

46. Eraitsi du berehala pegarra sorbaldatik eta esan dit: “Edazu, eta emango diet edaten zure gameluei ere”. Edan dut nik eta eman die edaten nire gameluei ere.

47. Ondoren, galdegin diot: “Noren alaba zara?”. “Betuelena, Milka eta Nahorren semearena”, erantzun dit. Orduan, eraztuna ezarri diot sudurrean eta eskumuturrekoak.

48. Ahuspeztu eta Jauna gurtu dut. Bedeinkatu dut Jauna, neure nagusi Abrahamen Jainkoa, zuzeneko bidetik ekarri nauelako, haren semearentzat neure nagusiaren iloba emaztetzat hartzeko.

49. Orain, bada, esadazue nire nagusiarekiko onbera eta leial agertu nahi duzuen ala ez, nora jo jakin dezadan».

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 24