Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 2:9-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Orotariko zuhaitzak sorrarazi zituen lurretik, ikusgarriak eta fruitu gozodunak. Baratze erdian bi zuhaitz ernearazi zituen: batak bizia ematen zuen eta besteak dena ezagutzeko ahalmena.

10. Edendik ibai bat sortzen zen; baratzea ureztatu eta gero, lau adarretan banatzen zen.

11. Lehenari Pixon zeritzan; urrea aurkitzen den Habilako lurraldea inguratzen du.

12. Urre ona hangoa; badira han erretxina eta harribitxiak ere.

13. Bigarrenari Gihon zeritzan; honek Etiopiako lurralde guztia inguratzen du.

14. Hirugarrenari Tigris, Axurko ekialdetik doana. Laugarrenari Eufrates.

15. Jainko Jaunak gizona hartu eta Edengo baratzean ezarri zuen, landu eta zain zezan.

16. Eta agindu zion: «Baratzeko zuhaitz guztietatik jan dezakezu;

17. baina ez jan dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik; hartatik jaten baduzu, hil egingo zara».

18. Gero, esan zuen Jainko Jaunak: «Ez da on gizona bakarrik egotea; egin diezaiodan berari dagokion laguna».

19. Jainko Jaunak, landako abere guztiak eta zeruko hegazti guztiak lurrez moldatu eta gizonari eraman zizkion zein izen ezartzen zien ikusteko; honela, bizidun orok gizonak ezarritako izena izango zuen.

20. Beren izena jarri zien, beraz, abere guztiei, zeruko hegaztiei eta piztiei; baina berari zegokion lagunik ez zuen aurkitu.

21. Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilarazi zuen gizona. Loak hartu zuenean, saihets-hezur bat kendu zion, hezurraren hutsunea haragiz bete ziolarik.

22. Jainko Jaunak gizonari kenduriko saihets-hezurrez emakumea moldatu eta gizonari eraman zion.

23. Honek esan zuen:«Hau bai delaene hezurraren hezur,ene haragiaren haragi!“Emakume” izango da deitua,gizakumeagandikizan baita hartua».

24. Hargatik, gizonak bere aita-amak utziko ditu bere emaztearekin elkartzeko, eta bat bera izango dira.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 2