Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 19:9-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. —Alde hortik! —erantzun zioten—. Hara, gure artean atzerritar izan eta zer egin behar dugun erakutsi nahi ziguk! Horiei baino tratu txarragoa emango diagu heuri.Loten aurka oldartu ziren eta ateraino hurbildu, behera botatzeko asmoz.

10. Orduan, bisitariek heldu eta etxe barrura erakarri zuten Lot, eta atea itxi.

11. Etxe atarian zeudenak, zahar nahiz gazte, itsuturik utzi zituzten. Alferrik jardun zuten ate bila.

12. Gizaseme haiek esan zioten Loti: «Nor duzu besterik hemen? Atera hiri honetatik zeure alabak, suhigaiak eta bertan daukazun guztia,

13. erraustu egin behar dugu eta. Handiak dira, izan ere, bertako bizilagunen aurka Jaunak jaso dituen salaketak, eta hiria erraustera bidali gaitu».

14. Lotek suhigaien bila joan eta esan zien: «Ea, atera zaitezte hemendik, Jaunak erraustu egin behar baitu hiria». Baina haiek txantxetan ari zitzaiela pentsatu zuten.

15. Eguna argitzear zegoelarik, bisitariek presa eman zioten Loti, esanez: «Bizkor! Zoaz hemendik emazte eta alaba biekin; bestela, hiri honi ezarritako zigor berean hilko zara!»

16. Eta, Lot nagi zebilela ikusirik, bisitariek indarrez atera zituzten bera, emaztea eta bi alabak, eta hiritik kanpo utzi, erruki izan baitzien Jaunak.

17. Hiritik kanpora eraman zituztenean, haietako batek esan zion:—Libra zaitez! Ez begiratu atzera, ez gelditu ibar honetan. Ihes egizu mendira, hondamendian eror ez zaitezen.

18. Lotek, ordea, erantzun:—Ez, arren, ene jauna!

19. Egiaz zure zerbitzari hau begiko izan duzu eta onginahi handia agertu didazu, bizirik gordez. Baina ez dut inolako salbabiderik mendian, hondamendiak harrapatu eta bidean hilko baininduke.

20. Ikusi herri koskor hura. Nahiko hurbil dago, bertan babesteko. Arren, uztazu herri txiki horretaraino joaten, eta bizirik aterako naiz.

21. —Ea, bada —erantzun zion—, emango dizut hori ere. Ez dut suntsituko aipatu didazun herrixka.

22. Zoaz bizkor, ez baitezaket ezer egin zu hara iritsi arte.Honengatik, herri hari Tzoar —hau da, «Txiki»— deritza.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 19