Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 19:16-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Eta, Lot nagi zebilela ikusirik, bisitariek indarrez atera zituzten bera, emaztea eta bi alabak, eta hiritik kanpo utzi, erruki izan baitzien Jaunak.

17. Hiritik kanpora eraman zituztenean, haietako batek esan zion:—Libra zaitez! Ez begiratu atzera, ez gelditu ibar honetan. Ihes egizu mendira, hondamendian eror ez zaitezen.

18. Lotek, ordea, erantzun:—Ez, arren, ene jauna!

19. Egiaz zure zerbitzari hau begiko izan duzu eta onginahi handia agertu didazu, bizirik gordez. Baina ez dut inolako salbabiderik mendian, hondamendiak harrapatu eta bidean hilko baininduke.

20. Ikusi herri koskor hura. Nahiko hurbil dago, bertan babesteko. Arren, uztazu herri txiki horretaraino joaten, eta bizirik aterako naiz.

21. —Ea, bada —erantzun zion—, emango dizut hori ere. Ez dut suntsituko aipatu didazun herrixka.

22. Zoaz bizkor, ez baitezaket ezer egin zu hara iritsi arte.Honengatik, herri hari Tzoar —hau da, «Txiki»— deritza.

23. Eguzkia ateratzen ari zuen Lot Tzoarrera iritsi zenean.

24. Orduan, Jaunak sufre eta suzko euria bota zuen zerutik Sodoma eta Gomorraren gainera.

25. Jaunak erraustu egin zituen hiriak eta bertako bizilagunak, lautada osoa eta lurralde hartako landaretza.

26. Loten emazteak atzera begiratu zuen, eta gatz-irudi bihurtu zen.

27. Abraham, goizean goiz jaikirik, Jaunarekin egondako lekura joan zen.

28. Eta Sodoma, Gomorra eta ibar aldeko lautada osora begiraturik, kea ikusi zuen labe batetik bezala lurretik altxatzen.

29. Honela, ibarreko hiriak erraustu zituenean, Abrahamez gogoratu zen Jainkoa eta onez atera zuen Lot, bizi zeneko hirien hondamen hartatik.

30. Gero, Lotek alde egin zuen Tzoartik, han gelditzeko beldur baitzen, eta mendian kokatu zen bere bi alabekin. Harpe batean jarri ziren bizitzen.

31. Behin batez, alaba zaharrenak gazteenari esan zion: «Gure aita zaharra dun eta hemen inguruan ez zegon ezkontzeko gizonezkorik, lurralde guztian egin ohi den bezala.

32. Goazeman; mozkor dezagun aita eta etzan gaitezen berarekin; horrela, izango dinagu semerik geure aitarengandik».

33. Hala, gau hartan bertan mozkortu zuten aita eta beronekin etzan zen alaba zaharrena; Lot ez zen ohartu alaba noiz etzan eta noiz jaiki zen.

34. Biharamunean, alaba zaharrenak gazteenari esan zion: «Bart ni egon naun aitarekin. Mozkor dezagun berriro eta gaur gauean hi joango haiz harekin etzatera; horrela, biok izango dizkinagu semeak geure aitarengandik».

35. Gau hartan ere mozkortu zuten aita eta alaba gazteena joan zitzaion. Lot ez zen ohartu noiz etzan eta noiz jaiki zen.

36. Hala, Loten bi alabak haurdun gelditu ziren beren aitarengandik.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 19