Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48

Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Tenpluaren eta hiriaren aurkako zigorra

1. Orduan, ozenki deiadar egiten entzun nuen Jauna: «Hurbildu hiriaren zigortzaileok, bakoitza bere arma suntsitzailearekin!»

2. Orduan, sei gizon agertu ziren iparraldera dagoen goiko atearen aldetik, bakoitzak bere arma eskuan zuela. Haien erdian lihoz jantzitako gizon bat zegoen, idazteko tresnak gerrian zituela. Sartu eta brontzezko aldarearen ondoan gelditu ziren.

3. Israelgo Jainkoaren aintza, euskarritzat zituen kerubinen gainetik altxaturik, tenpluko sarrerarantz joan zen. Orduan, lihozko jantzia eta gerrian idazteko tresnak zeuzkan gizonari dei egin

4. eta esan zion Jaunak: «Zoaz Jerusalem hiri osoan zehar, eta egin T itxurako ikur bat bertan egiten diren higuingarritasun guztiengatik intziri eta negar egiten dutenen bekokian».

5. Eta besteei zera esaten entzun nuen: «Ibili hirian berorren atzetik eta egin triskantza errukirik gabe, ez barkatu inori.

6. Agureak, neska eta mutil gazteak, haur eta emakumeak, hil eta garbi itzazue denak; baina ez ukitu T ikurra daraman inor. Santutegitik hasiko zarete». Eta hala, tenpluaren aurrean zeuden agureengandik hasi ziren.

7. Gero, agindu zien: «Kutsatu tenplua, atariak hildakoz betez… Zoazte!» Irten eta ekin zioten triskantzari hirian.

8. Haiek horretan ari ziren bitartean, bakarrik gelditu nintzen; ahuspez erori eta oihu egin nuen: «Ai Jainko Jauna! Israelen bizirik gelditutako guztiak suntsitu behar al dituzu Jerusalemen aurka zeure sumina isuriz?»

9. Esan zidan: «Israel eta Juda herrien errua handia da, izugarria; hilketaz betea dago herria, eta hiria bidegabekeriaz; esaten dute: “Jaunak bertan behera utzi du herrialde hau; ez gaitu Jaunak ikusten”.

10. Beraz, ez diet errukirik izango, ezta barkatuko ere. Beren jokabidearen ordaina emango diet».

11. Orduan, lihoz jantzitako gizonak, gerrian idazteko tresnak zituenak, etorri eta jakinarazi zion: «Bete dut agindu zenidana».